Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255

Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.

Basurtuko erietxearen kanpo aldean ostiralean hasi ziren PCR probak egiten.
Basurtuko erietxearen kanpo aldean ostiralean hasi ziren PCR probak egiten. JAVIER ZORRILLA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2020ko abuztuak 1

Ostiralean detektatu zituzten kasu positiboen berri eman dute Hego Euskal Herriko administrazioek, eta gaur berriro Bizkaian agertu dira kasuen erdiak: beste 128 positibo atzeman dituzte han; Nafarroan 55 kasu berri agertu dira; Gipuzkoan, 41; eta Araban, 29. Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren bi pertsonari ere atzeman diete birusa. Guztira, 253 dira. Ostegunean 292 kasu berri agertu ziren, eta asteazkenean, 265. Azkeneko hiru egunetan, beraz, 810 kutsatu atzeman dituzte. Ostiralean 5.421 PCR egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak. Testak egindakoen %4,7k eman zuten positibo, hortaz.

Nafarroako Gobernuak iragarri du sendotu egingo duela arreta, ospitaleratzeak eta gaixo larriak ugaritu daitezkeelakoan. Kasuen agerpena egonkortzen ari dela uste du, baina badaezpada hartu du erabaki hori. Ostiralean, Nafarroan lau gaixo ospitaleratu behar izan zituzten, eta ordurako erietxean zeuden beste bi gaixo, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetara eraman behar izan zituzten. Orain 36 pertsona daude Nafarroako ospitaleetan, horietatik hiru ZIUetan. Beste hiru etxean ospitaleratuta dauzkate. Sintoma arinagoak dituzten pertsonak ezartzen dituzte azken kategoria horretan.

Nafarroan, Iruñerrian ari dira pilatzen kasu berriak. Soslaiari dagokionez, 15 eta 30 urte artekoak dira gehienak, eta gizonezkoak gehiago (%56).

Bizkaian, berriz, Bilboko Back&Stage diskotekan dago jarria arreta. Uztailaren 18an dantzaleku horretan ibili zirenei PCR probak egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta horretan ari dira azken bi egunetan. Ostiralean 234 PCR test egin zituzten Basurtuko erietxearen kanpoaldean jarri duten karpan, eta hamabi kasu atzeman zituzten bezeroen artean, eta beste bat langileen artean. Gaur, larunbata, beste 115 pertsonari egin dizkiete testak.

Getxon (Bizkaia), berriz, salaketak eta istiluak izan dira. Ertzaintzak zabaldutako oharraren arabera, kalean edanean ari ziren pertsona batzuk sakabanatzen hasi zirenean, pertsona batek uko egin zion maskara jartzeari, eta beste bat identifikatu egin zuten, argudiatuta jende talde batek objektuak jaurti zizkiela ertzainei. Ostiraletik larunbaterako goizaldean gertatu zen.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

San Mames zelaia hutsik, Athleticen eta Leganesen arteko partidan, uztailaren 16an. ©Marisol Ramirez / Foku

Athleticeko sei jokalarik positibo eman dute

Berria

PCR probak egin dizkiete futbol jokalariei eta klubetako langileei. Alaveseko hiru jokalariri ere detektatu diete COVID-19 gaitza.

PCR probak egin dizkiete Donostiako Ramuntxo Berri tabernan izandakoei. ©Gorka Rubio / FOKU

Beste 505 positibo izan dira Hego Euskal Herrian

Berria

COVID-19a zuten zazpi pertsona hil dira azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Probak egingo dizkiete Nafarroako egoiliar guztiei irailean.

Maddalen Iriarte prentsaurreko batean, artxiboko irduian. ©Juan Carlos Ruiz/FOKU

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio konponbide bat emateko lehen arretako zentroen egoerari

Olatz Esteban Ezkati

Eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen arteko elkarlanaren beharra nabarmendu du indar subiranistak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna