Berriro ere berrehun positibo baino gehiago egun bakarrean: 255

Bezperan baino 39 kasu gutxiago detektatu dituzte azkeneko 24 orduetan, baina berrehuneko langatik gora jarraitzen dute eguneko kasu berriek. Nafarroak osasun arreta indartuko du.

Basurtuko erietxearen kanpo aldean ostiralean hasi ziren PCR probak egiten. JAVIER ZORRILLA / EFE
mikel p ansa
2020ko abuztuaren 1a
19:21
Entzun

Ostiralean detektatu zituzten kasu positiboen berri eman dute Hego Euskal Herriko administrazioek, eta gaur berriro Bizkaian agertu dira kasuen erdiak: beste 128 positibo atzeman dituzte han; Nafarroan 55 kasu berri agertu dira; Gipuzkoan, 41; eta Araban, 29. Hego Euskal Herritik kanpo bizi diren bi pertsonari ere atzeman diete birusa. Guztira, 253 dira. Ostegunean 292 kasu berri agertu ziren, eta asteazkenean, 265. Azkeneko hiru egunetan, beraz, 810 kutsatu atzeman dituzte. Ostiralean 5.421 PCR egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak. Testak egindakoen %4,7k eman zuten positibo, hortaz.

Nafarroako Gobernuak iragarri du sendotu egingo duela arreta, ospitaleratzeak eta gaixo larriak ugaritu daitezkeelakoan. Kasuen agerpena egonkortzen ari dela uste du, baina badaezpada hartu du erabaki hori. Ostiralean, Nafarroan lau gaixo ospitaleratu behar izan zituzten, eta ordurako erietxean zeuden beste bi gaixo, berriz, ZIU zainketa intentsiboetako unitateetara eraman behar izan zituzten. Orain 36 pertsona daude Nafarroako ospitaleetan, horietatik hiru ZIUetan. Beste hiru etxean ospitaleratuta dauzkate. Sintoma arinagoak dituzten pertsonak ezartzen dituzte azken kategoria horretan.

Nafarroan, Iruñerrian ari dira pilatzen kasu berriak. Soslaiari dagokionez, 15 eta 30 urte artekoak dira gehienak, eta gizonezkoak gehiago (%56).

Bizkaian, berriz, Bilboko Back&Stage diskotekan dago jarria arreta. Uztailaren 18an dantzaleku horretan ibili zirenei PCR probak egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta horretan ari dira azken bi egunetan. Ostiralean 234 PCR test egin zituzten Basurtuko erietxearen kanpoaldean jarri duten karpan, eta hamabi kasu atzeman zituzten bezeroen artean, eta beste bat langileen artean. Gaur, larunbata, beste 115 pertsonari egin dizkiete testak.

Getxon (Bizkaia), berriz, salaketak eta istiluak izan dira. Ertzaintzak zabaldutako oharraren arabera, kalean edanean ari ziren pertsona batzuk sakabanatzen hasi zirenean, pertsona batek uko egin zion maskara jartzeari, eta beste bat identifikatu egin zuten, argudiatuta jende talde batek objektuak jaurti zizkiela ertzainei. Ostiraletik larunbaterako goizaldean gertatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.