Kortaren hilketa

Hogei urtera

 
Hogei urtera
Hogei urtera Tamaina handiagoan ikusi

Jexuxmari Mujika -

2020ko abuztuak 8

Hogei urte bete dira Joxemari lapurtu zigutenetik, Joxemari Korta. Hogei urte luze. Maite genuenok geroztik beti izan dugu gogoan, baina gaur bereziki sentitzen dugu bere hutsunea; ez diot hori gaurkoa egun seinalatua izanik sentimenduek indar hartzen dutelako bakarrik. Bere izena duen fundazioko partaide naizelako bakarrik ere ez dut esaten. Bai, ordea, fundazioan bere bidetik jarraitzeko ahaleginean Joxemarik bizitzaren ardatz eginak zituen balio eta ikuspegiak hobeto ezagutu eta baloratzean garbi ikusten dudalako, eta penaz, egun, munduak eta guk, bizi dugun egoera zailean bera bezalako pertsonen premia gero eta nabarmenagoa dugula.

 

Urte hauetan bere ingurukooi sufritzea tokatu zaigu, noski, baina bere bideari elkarturik segitzean ikasi ere asko ikasi dugu. Aurrera begira ezer positiborik egin ahal izateko, gertatutakotik ikasi egin behar delako, hasteko. Gauza asko ikasi; ikasi injustizia beti dela injustua, zentzugabekeria izan dena zuritzen aritzeak ez duela balio; horrek ez dakarrela eta ez duela ekarriko inoiz ezer onik. Gizarte zibilak giza komunitate bihurtu nahi badu, biktima izan diren guztiekiko errespetuaren isiltasuna eta begirunea barneratuz, hitzak ondo neurtuta baina garbi erabili behar dituela, harrokeriarik gabe, elkarrizketa eta bizikidetzaren helburura bideratuta beti, eta horretarako gorrotoa, mendekua eta beldurra albora utzi behar dituela. Hori dena ikasi dugu eta zabaldu, gure belaunaldi berriak indarkeriaren lilurak sortzen duen degradaziotik libra daitezen. Urte luzetan ondo bete ez den egitekoa izan da hori gure herrian, zoritxarrez.

Joxemariren bizilegeak asko lagundu digu ikasketa honetan. Eta aurrera ere lagunduko digu, eta gizarteari ere bai.

Gaurko munduan, kezkaz beteriko etorkizuna aurrean dugunean, bide berriak asmatu behar gorrian gaude. Mundu mailan, gainera. Krisia ekonomiarekin batera (ondorioz?) oreka ekologikoa, eskubide eta baliabideetan berdintasuna, bizikidetza, osasuna, krisi gogorrean nahastuak dauzkagu, eta, guztiok dakigun arren orain arte emandako erantzunek ez digutela balio, merkatuaren legea gizalegeari nagusitzen zaion bitartean etorkizun beltza daukagula, ez dakigu nondik jo, nondik hasi, zertan aldatu, nola lortu hori.

Mundua gaur gauza askoren beharrean aurkitzen da, bai, baina, batez ere, bizi ikuspegi eta balioen alorrean lasaitasunez argitu eta bideratuko duen jendea behar du, bizitza gizakoitzen duen etika zer den, zein ezinbestekoa den ondo dakien gidaritza behar du, zentzu etikoa beren arduretan adierazgarri nagusi bihurtua duen jendea. Lider etikoak, hitz batean. Zientzia eta teknika gizakiaren mesedetan jartzeko bakarrik maite duen jendea. Joxemari horietakoa zen. Etxean eta ikasketa garaian jasotako balio etikoak bere bizitzan eta lanean gero eta gehiago sakontzen saiatu zena.

Gizaki arrunta izan zen Joxemari, normala guztiz, ez zen inor baino gehiago kontsideratzen, gizaki guztiok balio bera dugula garbi zuen guztiz. Egun munduak —gure herriak ere bai— errazegi ahazten dituen gauza inportanteak argi eta sakon bereak eginak zituen, eta, hori bai, sinesten zuen horretan saiatzeko borondaterik ez zitzaion inoiz falta izan. Borondatea, leialtasuna, eta ahalegina bereak zituen guztiz.

2000. urtean galdu genuen lagunaren ahaleginean agertzen diren arrastoek gure gizarteak eta herrigintzak behar-beharrezko dituen argitasun asko eskaintzen dituzte. Esperantzari heldu egin behar zaiola, hasteko —esperantzarik gabe ez dago ahaleginik—, eta gizakian sinistu egin behar dela, bizitzan gauzarik inportanteenak ikasi egiten direlako, zintzoa izaten ere bai, eta ikasi gainera eskertuz egin behar dela beti, kimu berrien eta indartsuenen sortzaile hori egiten duena izaten delako.

Berak, horretan asmatzeko, gauza asko zituen ondo ikasiak, egungo munduak, nahi ez badu ere, ezinbestez ikasi beharko dituenak: lehia beti izango dela gizakien artean, ona dela hori, baina inoiz ez duela gizalegearen arerio bihurtu behar, gizalegearen bizkar garatu behar. Ez dela horrela ezinbestez. Gizabidea eta zientziaren bidea ez direla inola ere elkartu ezinezko bi bide etsai. Teknikarena ere ez. Etikak eta teknikak mundu osagarriak izan behar dutela aurrerantzean mundurik izango bada. Gure herririk izango bada ere bai.

Hori guztia bideratzeko, gure buruetan garbi izan behar dugu lanak garrantzi handia duela gizakiaren bizitzan, lana ez dela zigorra, ez duela izan behar, lan guztiak direla balio handiko, eskulana bezala buru lana, izan bizibide, kultura, zainketa, heziketa, ikerketa... alorrekoa. Eta lana eratu egin behar izaten denez beti, enpresa antolaketaren egiteko nagusia bere jardunean zientzia, teknika, kultura —jakinduria oro— humanizatzea dela, etengabe garatuz joan behar dugun etika balio garbien bidetik.

Hori argitu eta egiaztatzea zen, Joxemariren ikuspegian, belaunaldi berriekiko dugun zorra eta erantzukizun nagusia.

Gure laguna gizon arrunta zela esan dut lehenago. Umila ere bai. «Inork ez dio inguruari jaso duen baino gehiago ematen». Hauxe atera zitzaion behin, erail zuten baino hilabete pare bat lehenago ikasketa garaiko hiru lagun handienak afaltzera bildu ginen batean. Ez dakit esaldi hau juxtu-juxtu eta beti egia den, baina esaten duenaz asko adierazten duen konbentzimendua da egiaz; niri gogoan gelditu zitzaidan; Joxemariren izenean harro zabaldu izan dut, nahiz eta pentsatzen dudan bere kasuan igual ez dela guztiz egia.

Agur eta ohore, Joxemai!

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Lehen Hezkuntzako bi ikasle, etxean konfinatuta. ©KAI FOSTERLING / EFE

«Badaezpada, denak etxera»

Ion Orzaiz

Ikasturtea hasi zenetik, ehunka ikasgela itxi dituzte Euskal Herrian. Kontziliaziorako zailtasunak eta informaziorik eza salatu dituzte konfinatutako ikasleen gurasoek.

Ikastolen jaiak omendu dituzte gaur Agurainen. ©Ikastolen Elkartea

Ikastolek baliabideak eskatu dituzte pandemiaren ikasturteari heldu ahal izateko

Edurne Begiristain

Ikastolen ikasturte hasiera ekitaldia egin dute Agurainen (Araba). Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eskua luzatu die akordioak lortzeko.

PCR probak egiten Donostiako ospitalean ©Idoia Zabaleta/ Foku

Positiboen kopuruak gora egin du Hegoaldean: 750 kasu

Edurne Begiristain

Bezperako datuekin alderatuta, 53 kasu gehiago atzeman dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna