«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen Jaizki Fontaneda / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2020ko abuztuak 8

Kezkatuta azaldu da gaur Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria Facebooken zabaldu duen mezu batean. «Tamalez», ezarritako neurrien aurrean, gizartean izan diren jarrera batzuekin kritiko azaldu da, eta «erantzukizunerako» dei zabala egin du: «Zer gertatzen ari zaigu, Jaurlaritzako Osasun sailburuak etengabe emandako mezu larrien eta egunero gertu zein urrutiko egoera larria islatzen duen informazioren aurrean, martxoaren 13 osteko eta ekainaren 18 aurreko garaia bizi izan ez bagenu bezalako jokabideak eta ohiturak daudela ikusteko?», galdetu du ohar horretan.

Urkulluk nabarmendu du ekainaren 18an amaitutzat eman zela lehen olatua, baina geroztik indarrean egon dela atzera egiteko arriskua. Bitarte horretan, lehendakariaren hitzetan, pausoak eman dituzte osasun arloan materiala bereganatzeko eta arreta hobetzeko, eta administrazioaren material guztiak erosteko ardura Osakidetzari eman zaio. Halaber, protokoloak osatu eta erraztu dituzte jarduera ekonomikorako eta hezkuntzan, hurrengo ikasturterako (nahiz eta, azken kasu horretan, oraindik ez den zehaztu nola hasiko den ikasturtea).

Uda hasieratik, hala ere, agerraldiak izan dira, eta, Urkulluren arabera, «kirurgikoki» jardun dute horien aurrean hainbat udaletan. «Horregatik, asko dira berrogeialdia gordetzera behartutako pertsonak. Jabetzen gara kolektibo jakinetan horrek eragiten dituen zailtasunak eta horretan ari gara lanean». Dena den, bigarren aldiz, kritiko azaldu da axolagabekeria islatzen duten jarrera kolektiboekin. «Eta hala ere, sentipen orokortua da pandemiaren arriskua ez dagokigula guri. Uste dugu, edozelan ere, azken unean PCR proba eginda, kito! Uztailaren 31eko datuen arabera, estatuko estatistika ofizialei erreparatuta, PCR tasa handieneko erkidegoa da Euskadi, 179 PCR mila biztanleko».

Neurri «zailak»

Gaueko aisialdian hartu behar izan dituzten neurriak «zailak» izan direla deritzo, eta ostalaritzari bete-betean eragiten direla jabetzen dira. «Baina errealitatea dena da, eta ez soilik Euskadin eta estatuan». Urkulluren arabera gertutik jarraitzen ari dira nazioartean beste herrialdeek eman duten erantzuna eta jarraitu duten estrategia. Bereziki Hego Korea, Alemania (gobernu federalak eta hamasei landerrek hartutakoa), Austria (Viena eta estatu konfederatuak), Frantzia, Danimarka eta Belgika aipatu ditu. Gogora ekarri du hamahiru herrialdek neurriak hartu dituztela «estatu espainiarrera bidaiak egitearen edo estatuko bidaiariak hara joatearen» inguruan.

Urkulluren arabera, «bitxia da» herrialde guztiek antzeko neurriak hartu dituztela maskaren derrigortasunaz, urruntze neurriez, testez eta PCR probez, sakelakoen aplikazioez («geurea baino permisiboagoa guri eskubideen babesarekin behartzen gaituztena baino»). Aisialdian, kirol eta kultur ekitaldietan, ekonomiaren arloan, telelanean, erosketetan... «diferentza gutxi edo apenas dagoen», Urkulluren arabera.

Lehendakariak ohartarazi du, dena den, Espainiako Estatuan ez direla ezarri neurri batzuk: hala nola, herrialde horietako batzuetan, aplikazio bidez kontaktuak konfinamendua gordetzera behartzen dituen eta alerta goiztiarra ematen duen aplikazioa erabiltzen dute, edo konfinamendua ezarri gune jakinetan; edo betebeharra ezarri negozioei bezeroen kontaktuak izateko, ondoren jarraipena egiteko, kutsadurak egonez gero; edo pertsona multzoak murriztu. «Oraindik estatuan ezarri ez den neurria da gaueko ordu batean etxeratzeko agindua, goizeko ordu jakin bat arte».

Hori etor daitekeela iradokiz, atzera ez egiteko «denen artean ahal den guztia» egin behar dela esan du. Birritan errepikatu du hori, eta hala amaitu du idatzia.

 

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Uxue Rey Gorraiz

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

Zestoa, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Eraikin publikoak eta tabernak itxi dituzte Zestoan

Berria

28 kasu baieztatu dituzte azken egunetan, eta neurri murriztaileak hartu dituzte agerraldiari aurre egiteko asmoz. Datozen egunetan egoera «kontrolatzea» espero dute.

Iñigo Urkullu omenaldian ©Eusko Jaurlaritza

Koronabirusaren biktimak omendu dituzte Gasteizen

Uxue Rey Gorraiz

Iñigo Urkullu lehendakariak gidatu du ekitaldia. Pandemiarengatik hildakoak gogoratu ditu, eta elkartasuna adierazi die familiei. «Elkarrizketa soziala» bultzatu dadin galdegin du, bizikidetza sozialaren berreraikuntzarako.

Sindikatuen eta Sareren elkarretaratzea, presoen egoeraren harira Bilbon. ©Marisol Ramires/FOKU

Hainbat espetxetan komunikazioak eten dituztela salatu dute Sarek eta Etxerat-ek

Maria Ortega Zubiate

Presoek eta haien senideek “garai oso zailak” bizi dituztela adierazi dute bi elkarteek, eta pandemiak “salbuespenezko erregimenaren aplikazioa” areagotzen duela. Positibotzat jo dituzte Eusko Legebiltzarrean eta Espainian espetxe politika aldatzeko egindako adierazpenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna