Arrazagatiko istiluak AEBetan

Kenoshan tiroketa bat izan da, eta bi pertsona hil dituzte

Sheriffaren arabera, gasolindegi bat babesten ari zen talde armatu batek Poliziaren indarkeriaren kontra protesta egiten ari zirenei egin die tiro.

Manifestari bat negarra eragiteko gasetik ihesi, Kenoshako auzitegiaren aurrean izan diren protestetan. TANNEN MAURY, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko abuztuaren 26a
10:47
Entzun

Kenoshan (Wisconsin, AEBak) protestak izan dira hirugarren gauez, eta tentsioak gora egin du. Protesta horietan, gauerdian, tiroketa bat izan da, eta gutxienez bi pertsona hil dituzte; beste bat zaurituta dago, larri. Ez dago garbi zenbateraino duen zerikusia tiroketak polizia indarkeriaren aurkako protestekin, baina, David Beth sheriffak elkarrizketa batean aurreratu duenez, lehen zantzuen arabera, gasolindegi bat babesten ari zen talde armatu batek protestariei egin die tiro. Hiru pertsona tirokatu dituzte. Sheriffak gaineratu du gertatutakoa ikertzen ari direla eta gasolindegian zegoen talde armatu hori ari direla ikertzen. Horretarako, gasolindegiaren bideo irudiak ikusten ari dira. Horietako batean, gizon batzuk oihuka ageri dira, eta armak hartzen dituztela ikusten da. Ondoren, alde egiten dute. «Horrelako gauzengatik ez dut delegatzen nire armak dituztenengan», adierazi du.

Bart ere protesta handiak izan dira Kenoshan Jacob Blaken kontrako erasoa salatzeko. Igande arratsaldean Poliziak zazpi alditan egin zion tiro bizkarrean, hura bere autoan sartzera zihoanean. 20:00etan etxeratzeko agindua emana zegoen, baina milaka lagun atera dira kalera. Protestarik larrienak auzitegiaren inguruan izan dira. Poliziak barrera bat jarri zuen auzitegia babesteko, eta manifestariek ur botilak, harriak eta zuziak bota dituzte. Poliziak negar gasa eta gomazko balak bota ditu. Protestak, orduan, beste kale batzuetara zabaldu dira, eta zenbait manifestari tiroketa izan den gasolindegiaren ingurura heldu da. Eztabaida bat izan da horien eta armatuta gasolindegia zaintzen ari zirenen artean, eta, pixkanaka, tentsioak gora egin du, tiroketa gertatu den arte.

Jacob Blaken familiak jakinarazi duenez, litekeena da istiluetan egin dizkioten zauriek paraplegia eragitea senideari, bizkarrezurrean zauritu zutelako; «mirari bat» izango da berriro oinez ibili ahal izatea. Giltzurrenean eta gibelean ere zauri larriak ditu. Blaken amak lasaitasunerako deia egin du. George Floyden kasuan gertatu zen bezala, Blakerenean ere grabatuta geratu zen Poliziaren erasoa.

Louisvillen ere (Kentucky) protestak izan dira bart, Breonna Taylorren hilketagatik. Taylor  larrialdietako medikua zen, beltza, eta martxoan hil zuten hiru poliziak, etxean zela. Kaleko arroparekin jantzita sartu zitzaizkion poliziak etxean, lehen zantzuen arabera, mutil laguna beste norbait zuelakoan. Horrek, lapurrak zirelakoan, tiro eginez erantzun zuen, eta, tiroketan, poliziek Taylor hil zuten. Erasoa martxoan gertatu bazen ere, Floyden hilketaren osteko protesta giroan, Louisvillen ere piztu dira. Bart gauean 64 pertsona atxilotu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.