Espetxe politika

Nafarroako 34 euskal presoen egoera konpontzeko urratsak egin daitezela eskatu du Foro Sozialak

Foro Sozialak salatu du eskuin muturrak eta funtzionario publikoek eragindako biktimak «bigarren mailakotzat» jotzen direla oraindik ere.

Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 2a
13:14
Entzun

Espetxe politika moldatu beharra aldarrikatu du Foro Sozialak, batik bat. Adierazi du «premiazkoa» dela «egungo errealitatera» egokituko den lege bat aplikatzea, «eragindako kaltea aitortzea» oinarri edukita horretarako. Asmo hori erdiesteko «pauso irmoak» eman daitezela galdegin dute; diotenez, beharrezkoa baita preso, iheslari eta deportatu nafarrei eragiten dien espetxe politika normalizatu bat aplikatzea. Hain justu, adierazi dute koronabirusak baldintzatua den testuinguru honetan «komenigarria» dela preso nafar guztiak Iruñeko kartzelara hurbiltzea, eta hori ahalbidetuko duen plan bat antolatzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Azaldu dute hurbilketa hori «guztiz posible» dela Nafarroaren kasuan; izan ere, diotenez, datuek agerian uzten dute Iruñeko kartzelan «nahikoa leku» dagoela bizilekua edo familia Nafarroan duten 184 pertsonak hartzeko. Eskaera hori egiteko hitza hartu du Foro Sozialaren ordezkaritza batek Nafarroako Parlamentuko Herritarren Harremanetarako Batzordean.

Martxoaren 24an egitekoa zuen agerraldia Foro Sozialak Nafarroako Parlamentuan, baina atzo arte atzeratu zen haren hitzaldia, pandemiaren eta konfinamenduaren eraginez. Gaur egungo egoeraren analisia egin dute ordezkariek; azken urteetan izandako lorpenak azpimarratu dituzte, baita egiteko dagoen bidean asmoak zein diren azaldu ere. Foro Sozialeko Expe Iriartek adierazi duenez, bizikidetzak izan behar du gizartearen «lehentasun politikoa», eta gaineratu du «blokeo handiak» daudela oraindik ere bide horretan.

Foroak gogora ekarri du, esaterako, helegite bat aurkeztua dagoela eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta kalte-ordainak ematearen inguruko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legearen gainean. Azaldu du horrek eragotzi egiten duela biktima horien aitortzan pausoak ematea, eta, beste behin, aldarrikatu du «funtsezkoa» dela «herritar guztiek eskubide guztiak bermatuak izatea».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.