Prostituzioa

Nafarroako Gobernuak plan bat sortuko du prostituzioa deuseztatzeko

Nafarroan 30 klub baino gehiago daude, eta egunean 2.000 gizon inguruk ordaintzen dute emakumeak esplotatzeko.

Prostituzio sare baten aurkako polizia operazioa Nafarroako Erriberan, 2004an. BERRIA
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 10a
15:33
Entzun

Gaur eman dute aditzera, Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. Alderdi sozialistak prostituzioari buruzko galdera egin dio Javier Remirez gobernuko presidenteordeari, eta hark azaldu du gobernuak aurreikusia duela plan integral bat sortzea prostituzioa gelditzeko eta haren biktimei laguntzeko. Remirezek erantsi du, bestalde, foruzainek eta beste gainerako poliziek «bikoiztu» eginen dituztela «sexu esplotazioaren kontra egiteko ahaleginak».

Gaur egun prostituzioak Nafarroan eragiten duen arazoaren larritasuna azaldu du presidenteordeak bere hitzaldian: «Nafarroan, 2.000 gizon inguruk ordaintzen dute egunean emakumeak esplotatzeko, eta 30 prostituzio klub baino gehiago daude», adierazi du. Haren esanetan, 700-800 prostituta daude Nafarroako Foru Erkidegoan.

Arazoari ahalik lasterren aurre egiteko borondatea azaldu du gobernuak gaurko osoko bilkuran. Remirezek aipatu du, gainera, errealitate hori bizi duten emakumeen egoera «izugarri» zaildu dela pandemiaren eraginez. Halaber, presidenteordeak beharrezkotzat jo du gaiaren inguruko eztabaida bat irekitzea, eta nabarmendu du premiazkoa dela «bai praktika bera deuseztatzea, bai haren biktima diren emakumeei harrera egitea, aldi berean». Dioenez, horretarako beharrezkoak dira, besteak beste, diru laguntzak, biktimei lan munduan sartzen laguntzeko bideak eta laguntza psikologikoa.

Gogora ekarri du itxialdian Nafarroako Gobernuak zenbait baliabide jarri zituela erabilgarri prostituzioari kontra egiteko eta ekainean etxebizitza bat prestatu zutela prostituzioaren biktima ziren emakumeentzat. Iragarri du aurki beste bat ere izanen dela erabilgarri, asmo bererako.

Era berean, gaiaz mintzatu da Imna Jurio alderdi sozialistako parlamentaria ere. Prostituzioa deuseztatzeko ahaleginak egin beharra azpimarratu du, «ikuspegi abolizionista» oinarri izanik. «Prostituzioa indarkeria matxistaren adierazpen ankerrenetako bat da, eta, aldi berean, baita ikusezinenetako bat ere», esan du Juriok.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.