EUSKAL PRESOAK

Ibon Goieaskoetxea presoa aske uzteko eskatu du fiskalak

Atzo Espainiaratu zuten, eta gaur igaro da Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aitzinetik. Fiskalak behin-behinean aske uztea galdegin du, hainbat neurri ezarrita. Epailearen erabakiaren zain dago orain.

Etxerat-ek deitutako elkarretaratze bat, 2018an, Ibon Goieaskoetxearen senideek izandako istripua salatzeko. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko irailaren 16a
13:22
Entzun

Atzo goizean Espainiaratu zuten Ibon Goieaskoetxea euskal presoa, Mont de Marsango (Okzitania) espetxetik. Frantziako Estatuko kartzeletan hamar urte baino gehiago egin ditu preso, eta, kondenaren zati handiena beteta, Madrilera eraman zuten atzo. Gaur igaro da Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aitzinetik, eta, Alfontso Zenon abokatuak BERRIAri azaldu dionez, fiskalak presoa aske uztea galdegin du, hainbat baldintzaren pean. Bertzeak bertze, astean behin joan beharko luke polizia etxera izenpetzera, eta pasaportea kenduko liokete.

1997an Espainiako erregearen aurka egiten saiatzea leporatzen dion auzi batengatik eraman dute Goieaskoetxea Espainiako Auzitegi Nazionalera, baina, abokatuaren arabera, fiskalak ez du nahikoa froga ikusi horretarako, eta horregatik eskatu du behin-behinean aske uztea. Epailearen erabakiaren zain dago orain presoa —arratsaldean zehar eman beharko luke erabakiaren berri—, eta Soto del Realgo espetxean daukate bitartean.

2010ko otsailean atxilotu zuten Goieaskoetxea, Normandian, ETAko «logistika militarraren arduradun» izatea egotzita, eta hamalau urteko espetxe zigorra ezarri zion auzitegiak 2015ean. Espetxealdi gorabeheratsua izan du: 2014an Villefranche-sur-Saoneko espetxeko funtzionarioek «bortizki» jipoitu zutela salatu zuen, bertze hainbat presorekin batera; 2018an, berriz, haren senideek auto istripu bat izan zuten espetxera bisitan zihoazela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.