EUSKAL PRESOAK

Beste bost euskal preso, gertuago

 Juan Carlos Herrador, Lierni Armendariz, Unai Fano, Josu Arkauz eta Gorka Loran dira gerturatuko dituztenak.

Etxerat-ek abuztuaren 2an hainbat hondartzatan eginiko mobilizazioa. Irudian, Bakiokoa. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2020ko irailaren 18a
15:21
Entzun

Espainiako Espetxe Instituzioen Idazkaritza Nagusiak onartu egin du euskal preso bat Euskal Herriratzea, hiru euren bizilekuetatik gertuago dauden espetxeetara eramatea eta bat lekualdatzea. Juan Carlos Herrador, Lierni Armendariz, Unai Fano, Josu Arkauz eta Gorka Loran dira gerturatutakoak. Herrador eta Armendaritz Kantabriako Duesora eramango dituzte, Fano Basaurira, Arkauz Valladolidera, eta Loran Dueñasera, Palentziara.

Arkauz 1991n atxilotu zuten, eta 2015ean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Murtzian dago (820 kilometrora), eta espetxeko Tratamendu Batzordeak onartu du hura Valladolidera lekualdatzea (335 kilometrora).

Loran, berriz, Algecirastik (1.100 kilometro) Dueñasera (310 kilometro) gerturatuko dute. 2003an atxilotu zuten, eta hogei urteko zigorra betetzen ari da; beraz, 2018ko abenduan bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Espetxe Instituzioen arabera, Loranek espetxe legeria onartzen du, eta, beraz, idazkaritza nagusiak ontzat jo du hura bigarren gradura igarotzea eta Andaluziatik Palentziara eramatea.

Armendariz 2001ean atxilotu zuten, eta 30 urteko zigorra ezarri zioten; 2023ko uztailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Kasu horretan, Espetxe Instituzioek adierazi dute hark ere onartzen duela espetxe legeria, eta konpromisoa hartu duela erantzukizun zibila ordaintzeko. A Laman zegoen, Pontevedran (Galizia), Euskal Herritik 740 kilometrora, eta Duesora eramango dute (170 kilometro).

Herradorri, berriz, 2009an ezarri zioten hemeretzi urteko zigorra, eta datorren urteko ekainean beteko ditu hiru laurdenak. Espetxe legeria onartuta, Ocaña I-etik (520 kilometro) Duesora gerturatuko dute.

Azkenik, Fano 2008an atxilotu zuten, eta hogei urteko zigorra ezarri zioten. 2023ko irailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Sorian dago (260 kilometrora), bigarren graduan; gradu berean jarraituko du, baina idatziz aitortu du eragindako kaltea. Basaurira lekualdatuko dute.

Espainiako Gobernuan PSOE dagoenetik, 2018ko ekainetik, 46 euskal preso gerturatu eta hamahiru Euskal Herriratu dituzte; ekainaren 20tik hogei dira hurbildutako presoak. Halere, Espainiako Estatuan 126 preso daude oraindik 500 kilometro baino urrunagoko kartzeletan; horietatik 83, 700 kilometro baino urrunagokoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.