POLITIKA

Izurriari eta haren ondorio sozialei aurre egitea izango da Sorturen xedea urte politikoan

Alderdiak laugarren konferentzia politikoa egin du, eta erronken artean kokatu du «salbuespenezko» espetxe legeria amaitzea eta EH Bildu indartzea.

Arkaitz Rodriguez hizketan Sorturen konferentzia politikoan. SORTU
jon olano
2020ko irailaren 19a
12:43
Entzun

Sortuk bere laugarren konferentzia politikoa egin du gaur goizean, Donostian duen egoitzan, Zer egin? lelopean. COVID-19aren izurriak hala behartuta, telematikoki egin dute konferentzia, eta Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiaren hitzaldiarekin itxi dute saioa.

Rodriguezek azaldu duenez, lau erronka nagusi izango ditu Sortuk hasi berri den urte politikoan, eta horietan aurrenekoa izango da pandemiari aurre egitea, «kontrolatuta egotetik urrun» dagoelako: «Berandu eta gaizki aritu zirenek berandu eta gaizki egiten jarraitzen dute. Korrika eta presaka egin zuten deseskalatzea, eta harrezkero ez dituzte hartu behar ziren neurriak, egunotan kaleak hartu dituzten irakasle eta erizain eta medikuek nabarmen utzi duten bezala». Rodriguezek nabarmendu duenez, bigarren olatuko kutsatu eta hildako kopurua “onartezina” da, eta erantsi du egungo egoerak “guztion ardura” eskatzen duela: “Norbanakoena, familiakoena, komunitatearena, baina bereziki, administrazioarena. Horregatik diogu ez dugula onartuko ardura guztia jendearen bizkar gainean jartzea. Beste behin ere, behekooi dagokigu administrazioak faltan duen ardurarekin jokatzea; interes pertsonalen gainetik interes komunitarioak jartzea”.

Pandemiak eragindako krisi sozial eta ekonomikoari aurre egitea izango da Sorturen beste zereginetako bat: “Sortu eta ezker abertzalea krisi sozial eta ekonomikoaren ondorioei eman beharreko erantzunaren lehen lerroan egongo dira; emakumeekin, langileekin, pentsiodunekin, prekarioekin, langabeekin, gazteekin batera”. Rodriguezek gaineratu duenez, “neoliberalismoak sustatzen duen indibidualismo eta indibidualizazioaren aurrean, indarrak artikulatzeko apustua” egingo du hark zuzentzen duen alderdiak: “Ez dugu onartuko krisi honen kostuak beste behin betikoen bizkar gainean jartzea”.

Bestelako espetxe politika baten beharra ere nabarmendu du Rodriguezek, eta eskatu du “preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratzeko bidean, salbuespenezko legeria amaitzea”. Haren esanetan, euskal gizarteak “elkarbizitza eta bakea” nahi ditu, baina “ez dago hitz egiterik elkarbizitzaz eta bakeaz euskal preso politikoek espetxean jarraitzen duten bitartean, eta euren senideek errepidean hiltzen jarraitzen duten bitartean”.

Azkenik, EH Bildu indartzeko helburua adierazi du, “ezker subiranismoaren antolakunde nagusia” den heinean: “Herri gisako erronka global eta generazional eta estrategiko horiei erantzun baikor eta eraginkor bat eman ahal izateko ahalmena, indarra, gaitasuna, talentua eta anbizioa dituen indar politiko bakarra da”. Gogorarazi du ekainean kongresua duela EH Bilduk, eta, ildo horretan, azaldu du “Sortuko kidegoak eta ezker abertzaleko kideek ekarpen berezia” egingo diotela EH Bilduren kongresu horri eta federazio subiranista indartzeari. “Erronka argia da; EH Bildu errealitate organizatibo gisa indartzea herriz herri, eta datozen urteetan herri honen instituzio nagusiak ere eskuratu ahal izateko prestatzea”, Rodriguezek esan duenez.

Zerbitzu publikoak eta burujabetza

Koronabirusaren izurriaren testuinguruan, Sortuk ezinbestekotzat jo du “zerbitzu publikoak indartzea” eta administrazio publikoaren esku hartzea “areagotzea” ekonomian: “AHT bezalako egitasmo zalantzagarriak edo zentzugabeak gelditu beharra dago, eta horietan xahutzen ari diren dirutzak gastu sozialetara edo ekonomikoki nahiz sozialki errentagarriak izango diren inbertsioetara bideratu”. Erreforma fiskal “sakon” bat ere premiazkotzat jo du Rodriguezek, “fiskalitate benetan aurrerakoia, progresiboa eta ekitatiboa izateko; behingoz, gehien dutenen gehiago ordain dezaten”.

Bestalde, burujabetza ere beharrezko jo du: “Batzuek esango dute ez dela tokatzen; orain garrantzitsua dela krisi ekonomiko eta sozialari aurre egitea. Eta ados gaude: lehentasunezkoa da pandemiaren adar guztiei aurre egitea, baina horretarako beharrezkoa da burujabetza”. Rodriguezen arabera, burujabetza “ez da bandera kontu bat edo identitate kontu huts bat; burujabetza lotuta dago lan eta bizi baldintzak duintzeko aukerarekin, pentsio sistema publiko eta duin bat eraikitzeko aukerarekin, lan eta bizi baldintza duinak sortuko dituen euskal esparru ekonomiko bat eraiki ahal izatearekin. Finean, burujabetza lotuta dago kalitatezko eta benetako demokrazia bat eraikitzearekin; ongizate handiagoarekin”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.