Moriako erretratuak (eta V)

«Moriara iritsi, eta emakumeen egoera bera zen; harrituta geratu nintzen»

BERRIAren 'Moriako erretratuak' bideo sortako bosgarren eta azkenak Sarah du protagonista, kanpalekuko hainbat emakumek sortu duten Kairos babes sareko kidea.

2020ko irailaren 22a
11:11
Entzun

Sarah Yosef Hego Sudangoa da, baina herrialdetik alde egin zuen hango indarkeria giro ezegonkorrak bultzatuta. Emakumeen egoera bereziki gogorra da han, baina Morian ikusitakoak ere «harritu» egin du. Hainbat emakumek antolatzea erabaki dute, eta komunitate bat sortu dute, Kairos izeneko babes talde bat. Iñaki Agirre kolaboratzailearen bitartez BERRIAk abian jarri duen bideo sortaren bosgarren eta azken erretratua da.

Irailaren hasieran piztu zen sua Greziako Lesbos uharteko Moriako errefuxiatuen kanpalekuan. Lehendik gordina zen egoera are eta gordinagoa bihurtu zen. Suak denda guztiak kiskali zituen, eta milaka migratzaile kanpamentuaren eta Mitilene hiriburuaren arteko errepidean harrapatuta geratu ziren. Greziako Gobernuak beste kanpaleku bat egitea erabaki du. Hori, ordea, itxia izango da, eta babesa eskatu duten errefuxiatuei mehatxu egin diete ez dituztela euren asilo eskaerak aztertuko ez badira han euren kabuz sartzen.

BERRIAk han daudenen egoera ezagutu nahi izan du Iñaki Agirre kolaboratzailearen bitartez, eta Moriako erretratuak izeneko bideo sorta jarri du abian; astero errefuxiatu baten istorioa ezagutaraziko du Agirrek.

[youtube]https://youtu.be/jOezCa9Y7lI[/youtube]

Mahdie Afganistangoa da, baina talibanengandik ihesi atera zen herrialdetik. Duela urtebete inguru iritsi zen Moriara, amarekin eta nebarekin, ikasteko eta etorkizun hobe bat izateko itxaropenaz, «baina, orain, dena aldatu da».

[youtube]https://youtu.be/U9QqNd4o9CY[/youtube]

Yadollah izan zen aurreko asteko protagonista, hirugarrena. Afganistangoa da, baina Iranen pasatu du bizitza osoa. Errefuxiatua izan da betidanik. «Horrek esan nahi du ez duzula inoiz herrialderik izango». Antzerki zuzendaria eta gidoilaria zen Iranen. Han zuen egoera salatu zuen, eta mehatxu egin zioten. Turkiara egin zuen ihes, eta urtebete igaro da handik Moriara joan zenetik. Moriako bizipenetan oinarritutako antzezlan bat prestatu du orain.

[youtube]https://youtu.be/DO-_yldyWEM[/youtube]

Carinerena izan zen bigarren erretratua. Kamerundik atera zuten Carine, Kuwaiten esklabo saltzeko. Ihes egin eta Irak eta Siria zeharkatu ostean, Turkian sexu trafikoan erabili zuten. Ontzi batean sartzera behartu eta Lesbosen dago (Grezia). Errefuxiatu estatusa eman diote, baina behin hori lortuta, laguntza guztiak galdu ditu. Sei hilabete daramatza Lesbos uhartean.

Carineren aurretik, Mohamed izan zen lehen protagonista. Burkina Fasokoa da, eta 17 urterekin iritsi zen Moriara. Urtebete eta hiru aste daramatza han, eta esaten du hango bizimodua «ikaragarria» zela. «Europa hau al da? Europa horrelakoa da? Hau ez da Europa», dio Berria TBko bideoan.

[youtube]https://youtu.be/7NXs520gGwM[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.