EAJ

Ortuzarrek «eskua luzatu» die eragile politiko eta sindikalei, «elkarrizketa eta adostasuna» lortzeko

Alderdi Eguneko mintzaldian, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak esan du espero dutela abendu erdialdera egitea EBB berritzeko Batzar Nagusia.

Andoni Ortuzar hizketan, atzo, Forondan. EAJ
jon olano
2020ko irailaren 28a
10:46
Entzun

Ezohiko Alderdi Eguna bizi izan zuen atzo EAJk. COVID-19aren izurriaren eraginez, lehen aldiz 43 urtez, ezin izan ziren milaka lagun elkartu Forondako zelaietan, baina leku horretan bertan ekitaldi bat egin zuten Euzkadi Buru Batzarreko eta herrialde batzarretako kideek.

«Alderdi honek herri honekin eta bere etorkizunarekin daukan konpromisoaren garra bizirik mantentzea» izan da aurten EAJk Forondan nabarmendu nahi izan duena, Andoni Ortuzar EBBko lehendakariak azaldu zuenez. Egungo egoeraz mintzatu zen, eta «batasunaren» beharra nabarmendu: «Egoera honetatik irten gaitezen, batasuna behar dugu, erantzukizuna, bakoitza bere esparrutik. Lehenengo eta behin, jakina, erantzukizun politikoak edo herri karguak ditugunon aldetik. Baina baita sindikatuen eta erakunde ekonomikoen aldetik ere. Baita komunikabideen eta iritzi sortzaileen aldetik ere».

Ortuzarrek gaineratu zuen «elkarrizketa eta adostasuna» behar direla, «eta ez pankartatik edo gatazkarik. Grebak eta aldarrikapenak baino, gure konpromisoak berritu behar ditugu: gure konpromisoa gizarte bidezko eta osasuntsua eraikitzeko; gure konpromisoa kalitatezko zerbitzu publikoekin, osasun zerbitzu onarekin, hezkuntza onarekin eta zerbitzu onekin; euskal autogobernuarekin, esan dudan guztiaren bermatzaile gisa, aurkeztuko den edozein eraso edo mehatxutik babesteko ezkutu gisa».

Horretarako, Ortuzarrek eskua luzatu zien «herri honetako erakunde sozial eta politiko guztiei, denon artean ezkutu sendo hori egin dezagun, gure hiritargoa babesteko eta ekonomia suspertzeko bidea hartzeko». Izan ere, EAEko aurrekontuak onartzearen garrantziari erreparatu zion: «Kalkuluen eta alderdikeriaren gainetik, bakoitzaren ideologiaren gainetik, hiritargoaren beharrak lehenetsi behar ditugu, eta, horiei denei erantzuteko, ezinbestekoa da erakunde guztietako aurrekontuak lerrokatuta egotea krisitik irten gaitezen. Bide horretan aurkituko dute EAJ».

Bestalde, uztailean egitekoak ziren EAJren Batzar Nagusia abendu erdialdera egitea espero dute, Ortuzarrek jakinarazi zuenez:  «Alderdia indartu beharra dago. Indartu eta berritu. Gurearen moduko alderdi politiko batek, herriaren alderdia denak, jendearen begietatik ikusten duenak, kaletik dabilenaren haize berbera arnasten duenak, adi egon behar du aldaketa sozialen aurrean, joera ezberdinen aurrean, eta erantzuna ematen jakin behar du. Hori da hemendik eta hurrengo Batzar Nagusia egin arte egin beharko dugun lana. Alderdia prestatzea, eta, erronka horretarako, onenak aukeratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.