Milioi bat lagun baino gehiago hil ditu COVID-19ak

AEBetan erregistratu dute kasu eta heriotza gehien. Euskal Herriak munduko heriotza tasa handienetako bat du: 77 heriotza 100.000 biztanleko.

PCR proba bat, Indian. Bigarren herrialde kaltetuena da hura. SANJEEV GUPTA / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko irailaren 29a
11:55
Entzun

Azken orduetan 275.000 COVID-19 kasu atzeman dira munduan, eta denera 33 milioi lagun baino gehiago kutsatu dira. Gaurko datu esanguratsuena, ordea, hildako kopuruarena da. Johns Hopkins Unibertsitatearen zenbaketaren arabera, milioi bat baino gehiago dira koronabirusaren eraginez hil direnak. Datu «beldurgarria», Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresen esanetan: «Gure munduak kopuru krudel bat deitoratu behar du, eta akatsetatik ikasi».

Atzemandako 33 milioi kasuen erdiak baino gehiago, eta heriotzen parte handi bat, hiru herrialdetan banatuta daude. AEBetan 7,15 milioi lagun kutsatu dira, eta 205.085 hil. New York hirian bakarrik 23.810 heriotza zenbatu dituzte, 33.140 estatu osoan. Harekin batera, New Jersey, Texas, Kalifornia eta Florida dira 10.000 hildakoen langa igarotzen duten estatuak, guztiak ere 14.000 heriotzen gainetik. Horiek dira kasu gehien erregistratu dutenak ere. Besteak beste, Kalifornian 812.498, eta Texasen 761.318.

Munduko beste bi lurralde kaltetuenak India eta Brasil dira. Lehenengoan, 6,14 milioi kasu eta 96.318 hildako erregistratu dituzte; eta bigarrenean, 4,74 milioi kasu eta 142.058 heriotza. Horiekin batera, Errusia da milioi bat kasu baino gehiago dituen laugarren herrialdea: 1,16 milioi kasu baieztatu dituzte han, eta 20.299 heriotza. Azken orduetan neurri murriztaile gehiagoren berri eman du herrialde hark. Moskuko alkateak adierazi du hiriko ikastetxeak itxita egongo direla gutxienez hurrengo bi asteetan. Errusiako hiriburuan, irailaren 21ean 915 kasu atzeman zituzten, eta astebete geroago, 2.217.

Horien atzetik, Hego Amerikako herrialdeak ageri dira kaltetuenen artean. Kolonbian 818,203 kasu atzeman dituzte, Perun 808.714, Mexikon 733.717 eta Argentinan 671.669.  Afrikan kasu gehien atzeman duten herrialdea, berriz, Hego Afrika da (671.669 kasu). Europako Batasuneko lurralderik kaltetuena, berriz, Frantzia da, 527.000 kasu baino gehiago atzemanda. Haren atzetik dago Espainia, 486.864 kasurekin. Hildakoei dagokienez, ordea, Mexiko dago laugarren lekuan. 76.603 hildako zenbatu dituzte pandemiaren hasieratik. Aipatutako gainerako herrialdeetan, 16.000 (Argentina) eta 33.000 (Kolonbia) heriotza artean baieztatu dituzte.

Txinan, berriz, pandemiaren lehen epizentroan, 90.505 kasu baieztatu dituzte orain arte, eta 4.739 lagun hil dira, Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera. Hala, kutsatu gehien duten Asiako herrialdeak Iran (449.960) eta Bangladesh (360.555) dira, Indiaren atzetik.

Zenbaki osoetatik harago

Kasu kopuru osoak dira aurrez aipatutakoak. Heriotza tasek, ordea, bestelako zerrenda bat uzten du. San Marino da 100.000 biztanleko hildako gehien atzeman duen herrialdea: 123,78. Atzetik, jada 100 heriotzen azpitik, Peru (97,43) eta Belgika (86,11) daude. Laugarrena, berriz, Euskal Herria da. 100.000 biztanleko 77,04 heriotza erregistratu dira, 2.461 guztira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.