ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Hamaika Gara dinamikak erreferendumaren aldeko sinadura bilketari berrekin dio

Matxoaren 11n abiatu zuten, baina handik hiru egunera sartu zen indarrean alarma egoera Hego Euskal Herrian. Urriaren 31rako, ekitaldi politiko-kultural bat prestatu dute.

Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon olano
2020ko urriaren 1a
12:19
Entzun

24 eragilek osatutako Hamaika Gara dinamikak erreferendum baten aldeko sinadura bilketa bat jarri zuen martxan martxoaren 11n, erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko. Handik hiru egunera, ordea, alarma egoera eta itxialdia ezarri zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.

Orain, berriro ekin diote sinadurak biltzeari, Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren bozeramaileek azaldu dutenez. Gaur ekin diote; Hamaikagara.eus webgunean jasoko dituzte sinadurak, eta ekainera arte iraungo du bilketa kanpainak. "Sinadura bilketak oinarri duen manifestuan, sinatzaileek burujabetzarako bidean euren "borondatea eta konpromisoa" adieraziko dute, eta, era berean, "erreferendumak egiteko ahalmena bere gain hartu, arautu eta garatzeko" eskatuko diete Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari. "Arduraz jokatuko dugu, herritarron borondateari modu eraginkor batean bide eman diezaieten", erantsi dute bozeramaileek.

Etxaburuk azaldu duenez, "osasun krisiaren kudeaketak agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua", eta erantsi du "tokian tokiko erabakiak" behar direla: "Gizartean erabakitzeko eskubidearen alde dagoen adostasun zabala lege bilakatzea dagokie alderdi politikoei".

Ekitaldia Plateruenan

Urriaren 31rako ekitaldi politiko-kultural  bat antolatu dute. 18:00etan izango da, Durangoko Plateruenan (Bizkaia). Ezin denez jendetzarik pilatu, ordea, herriz herri egingo dituzte proiekzioak, eta Hamaikagara.eus webgunean ere ikusgai egongo da. Altxa izena jarri diote ekitaldiari.

Amancay Gaztañaga izango da ekitaldiaren zuzendaria, eta Gotzon Barandiaran gidoilaria. Besteak beste, parte hartuko dute Amets Arzallus bertsolariak, Eñaut Elorrieta abeslariak, Dupla taldeak eta Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.