ESPAINIAKO KOROA

Monarkia «amaitzearen» aldeko mozio bat baztertu du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurkeztu dute erdibideko proposamen bat, eta soilik bi indarren aldeko botoa jaso du.

Juan Carlos Borboikoa, artxiboko irudi batean. NACHO GALLEGO / EFE
jon olano
2020ko urriaren 8a
17:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Legebiltzarrean eztabaidagai izan da gaur Espainiako monarkia. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek mozio bat aurkeztu dute, Espainiako Estatuan «monarkiaren amaiera» eskatzeko eta Juan Carlos I.a errege emerituaren «ustezko delituak» argitu daitezela galdegiteko. Egitasmoa ezetsi du Osoko Bilkurak, EAJk, PSE-EEk, PP+C's-ek eta Voxek kontrako botoa emanda.

Elkarrekin Podemosek aurkeztu zuen proposamena, eta EH Bildurekin adostu du zuzenketa bat. Besteak beste, Juan Carlos Borboikoari leporatzen zaizkion delituak «gardentasun osoz» ikertzeko eskatu dute, gogora ekarrita ustelkeria, zerga ihesa eta diru zuritzea egotzita ikertzen ari direla.

Hitzartzean, Jon Hernandez Ezker Anitzako legebiltzarkideak esan du errege emerituaren «ihesa ekintza onartezin eta sarri delitu multzo baten azken atala» dela, eta Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du monarkia «Francoren azken oparia» izan zela.

Joseba Egibar EAJko bozeramaileak, berriz, «Euskadiko politika espainolizatzea» leporatu dio Elkarrekin Podemosi: «Gure herriaren etorkizunaz hitz egin nahi badu, eraikuntza nazionalean pentsatu» dezala gomendatu dio, «hemen ez baitugu erregerik».

Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkideak «sorpresa» agertu du egitasmoaren aurrean, eta sistema judiziala «susmopean» jartzea leporatu dio Elkarrekin Podemosi. Monarkiarekin «obsesioa» izatea aurpegiratu dio, berriz, Carmelo Barrio PPko bozeramaileak. Amaia Martinez Voxeko parlamentariak «espainiar guztien ondaretzat» jo du monarkia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.