Bielorrusia

Lukaxenko zigortzea adostu dute EBko estatu kideek

Josep Borrell EBko diplomaziaburuaren esanetan, Bielorrusiako presidentea zigortzea erabaki dute herrialdeko agintariek ez dutelako elkarrizketaren aldeko inolako keinurik egin.

Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea, hedabideen aurreko agerraldi batean, urriaren 2an.
Charles Michel Europako Kontseiluko presidentea, hedabideen aurreko agerraldi batean, urriaren 2an. JOHN THYS/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2020ko urriak 12 09:20

Bielorrusiako 40 goi agintariri zigorrak ezartzea onartu zuen EB Europako Batasunak urriaren 2an, eta, gaur, zigor horiek berresteaz gain, goi agintari gehiagori ere zigor horiek hedatzea adostu dute 27 estatukideek. Agintari zigortu horien artean dago Alexander Lukaxenko Bielorrusiako presidentea.

Alemaniak proposatu du zigorrak areagotzeko, eta gainerakoen baiezkoa lortu du, Atzerri Gaietarako Europako Kontseiluaren bilkuran.

Kontseiluak adierazpen batean jaso du zer jarrera duen EB Europako Batasunak herrialde haren krisi politikoaren inguruan. Batasunak orain arte egin dituen salaketak berretsi ditu oharrean, eta gaineratu du «prestasun» osoa duela «neurri murriztaile» gehiago hartzeko Bielorrusiako «erakunde eta goi kargudunen kontra, Alexandr Lukaxenko [Bielorrusiako presidentea] barne».

Bileraren ostean, Josep Borrel EBko diplomaziaburuak hedabideei adierazi die Bielorrusiako estatuburuari zigorrak ezarriko dizkiola batasunak. Borrellen esanetan, Bielorrusiako agintariek ez dute «inolako keinurik» egin herrialdeko krisi politikoaren aurrean elkarrizketa sustatzeko. Beraz, lehen zigorrak ezarri eta hamar egunera, jarrera gogortzea erabaki du EBk. Beraz, zigorrak prestatzeko lanak hasiko dituzte Kontseiluko lantaldeek, eta egun gutxiren buruan Bielorrusiarentzako bigarren zigor sorta prest izatea espero da.

EBk berriz baztertu ditu abuztuaren 9an Bielorrusian egin ziren bozen emaitzak. «Hauteskundeak ez ziren libreak izan, ezta garbiak ere», jaso du adierazpen idatzian. Lukaxenkoren presidentetzak «zilegitasun demokratiko gabeziak» dituela nabarmendu du. Horrez gain, Kontseiluak gaitzetsi egin du Lukaxenkoren gobernuak «manifestari baketsuen kontra» erabili duen «indarkeria», eta «arbitrarioki atxilotutako» pertsonak aske uzteko exijitu du; horien artean, «preso politikoak».

Bielorrusiako berrogei norbanakoren kontrako zigor neurriak hartu zituen EBk urriaren 2an, «presidentetzarako hauteskunde iruzurrezkoen eta protesta baketsuen aurkako indarkeriazko erantzunaren arduradun» izatea egotzita.

Bielorrusiako agintariekin duen elkarlana apalduko duela ere iragarri du Europak, eta herrialde horretara bideratutako finantza laguntza egokituko duela. Aldiz, Bielorrusiako herritarrentzako eta gizarte zibilarentzako «babesa handitu» egin nahi du. Bide horretan, «finantza baliabideak» ematea hitzeman du «indarkeriaren biktimentzat, gizarte zibileko erakundeentzat eta hedabide independenteentzat».

Kontseiluaren esanetan, EB prest dago Bielorrusiarekiko elkarlana areagotzeko, baldin eta herrialdeko erakundeek «demokraziaren printzipioak, zuzenbide estatua eta giza eskubideak» errespetatzen badituzte. Europak «errepresioa eta abusuak» eteteko eskatu dio Minski, eta hauteskunde «askeak» eta «garbiak» antolatzeko eskatu dio, «ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen ikuskaritzapean». EB prest agertu da «trantsizio demokratiko baketsu bat» babesteko.

Zazpiehun atxilotu

Azken asteetako igandeetan bezala, protesta jendetsuak izan ziren atzo ere Bielorrusiako hainbat hiritan, Lukaxenkok dimititzea eta hauteskundeak berriz egitea exijitzeko. Bielorrusiako Barne ministerioak jakinarazi duenez, zazpiehunlagun baino gehiago atxilotu zituzten.

Protestak abuztuaren 9an lehertu ziren. Egun horretan egin ziren hauteskundeetako emaitzak iruzurra izan zirela salatzera irten ziren milaka herritar kalera. Ordutik, protestek indarra galdu dute, baina oposizioak hasierako eskariei eutsi die: bozak berriz egiteko, manifestarien kontrako indarkeriaren arduradunak zigortzeko eta atxilotuak aske uzteko eskatzen diote gobernuari.

Barne Ministerioaren arabera, 11.000 manifestari izan ziren atzo Bielorrusiako hainbat hiritan egin ziren mobilizazioetan. Manifestari kopuruak behera egin duela adierazi arren, «indarkeria handiagoa» izan zela nabarmendu zuen.

Lukaxenkok Bielorrusiako Konstituzioa aldatzea proposatu du, krisiari irtenbidea emateko, nahiz eta aurreratu duen ez duela murriztuko presidenteari egun dagozkion eskumenak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroa, iragan astean. ©EFE

Zeelanda Berrian eutanasia legeztatu dute

Ander Perez Zala

Erreferendum bidez erabaki hori hartzen duen lehen herrialdea bilakatu da; %65ek eman dute baiezkoa, behin-behineko emaitzen arabera. Aldiz, kalamua legeztatzeko galdeketan ezezkoa gailendu da, botoen %53 bilduta.

Kanpainan sartu da COVID-19a

Sen ona, joko politikoaren biktima

Arantxa Elizegi Egilegor

AEBetan ia bederatzi milioi COVID-19 kasu baieztatu dituzte dagoeneko, eta 29 estatu pandemia hasierako kutsatze kopuruetara heldu dira. Bitartean, hautagaiek jaurtigai bilakatu dute koronabirusa.

 ©GARETH CHANEY COLLINS

«Abortuaren debekuak nesken osasunaren kalterako dira soilik»

Jone Bastida Alzuru

Hoctorrek aitortu du miresten dituela Polonian emakumeen eskubideak defendatzen dituztenen ahalegin «ausart eta nekaezinak». Auzitegi Konstituzionalak emandako epaia giza eskubideen aurka doala dio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna