POLITIKA

Urkullu alderdiekin bilduko da azaroko lehen hamabostaldian

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du espero duela elkarrizketa horiek akordio bihurtzea.

Urkullu, Eusko Legebiltzarrean, duela bi aste. @PVASCO_EUSKOL
jon olano
2020ko urriaren 16a
12:17
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak jakinarazi du Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeekin batzartuko dela azaroko lehen hamabostaldian, legealdirako erronka nagusien aurrean «lankidetza eraginkor bat» izateko.

Eusko Legebiltzarrean gobernuaren kontrol saioa dute gaur, eta bertan eman du Urkulluk bilera sortaren berri, Carlos Iturgaiz PP+C's taldeko bozeramailearen galdera bati erantzunez. Azaldu duenez, azaroaren lehen erdian egingo ditu batzarrak, ordurako Jaurlaritzak aurkeztuak izango baititu gobernu programa nahiz aurrekontuen ildo nagusiak, eta zenbait eragilerekin hitz eginda izango baitu datozen lau urteetarako suspertze ekonomikorako programa.

Gainera, esan du nahiago duela, alderdiekin elkartu aurretik, sailburuek Eusko Legebiltzarreko batzordeetan azaltzea zeintzuk diren legealdirako arlo bakoitzeko proiektu nagusiak. Sailburuak asteon hasi dira horretan.

Iturgaizek Urkulluri leporatu dio elkarrizketa berandu eskaini izana, baina hori ukatu du lehendakariak: «Gobernuaren lehen 40 egunetan gaude, eta lehen ehunak baino lehen lan batzar bat eduki ahal izango dugu oinarri sendo eta zehatz baten gainean». Erantsi du Jaurlaritzaren asmoa dela elkarrizketa hori akordio baterantz bideratzea: «Ulertzen dut prest zaudela eta espero dut zure alternatibak eta proposamenak jasotzea», erantzun dio Iturgaizi.

PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak, berriz, uste du Urkullurenak «mamirik gabeko hitzak» direla, eta eskatu dio lehenago biltzeko alderdiekin: «Pandemia gora doa, langabezia hazten ari da eta ziurgabetasuna eta kezka gero eta handiagoak dira».

«Gobernatzeko era berri bat»

Iragarpenaren aurrean, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak esan du espero duela bilera horiek «gobernatzeko era berri baten hasiera» izatea eta gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa ahalbidetzea. Nabarmendu du indar subiranistak sarri eskatu diola Urkulluri solaskidetza bat izatea, eta espero du elkarrizketa hori «jarraitua» izatea denboran: «Gai garrantzitsuak daude eztabaidatzeko, sakontzeko eta adosteko».

Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Miren Gorrotxategiren iritziz, berriz, bilera horiek «berandu» helduko dira, baina «ongi etorriak» izango dira. Gaineratu du batzar horien atzean «egiazko solaskidetza asmo» bat egon behar dela, uste baitu oraingoz Jaurlaritza ez dela aintzat hartzen ari legebiltzarrean aurkeztutako egitasmoak. Era berean, Urkulluri eskatu dio «elkarrizketaren ateak» zabaltzeko sindikatuei eta gizarte zibileko ordezkariei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.