Gipuzkoak 100.000 biztanleko 500 positiboren langa gainditu du

Hego Euskal Herrian egin dituzten testen %9,2k eman zuten atzo positibo. Eusko Jaurlaritzak ez du «ezer» baztertzen, baina, oraingoz, konfinamenduak eta etxeratze agindua ez daude mahai gainean.

Udal langileak Azkoienen, kalea garbitzen. IDOIA ZABALETA, FOKU
Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete
2020ko urriaren 20a
10:41
Entzun

Azken egunetan, Nafarroan izan dira daturik txarrenak, baina Gipuzkoa ere ez doa bide onetik: azken hamalau egunetako datuak kontuan hartuta, 100.000 biztanleko 500 positiboren langa gainditu du; hain zuzen, 506 kasu pasatxoko tasa dauka.

Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren izurria kontrolatze aldera egiten dituzten probetako positiboek gora egin dute berriro: 1.203 positibo atzeman zituzten atzo, bezperan baino 80 gehiago. Orotara, 13.109 proba egin zituzten, PCRak eta antigenoak atzemateko test lasterrak, eta %9,2k eman zuten positibo. Bereziki azpimarratzekoa da Nafarroako positibo tasa, egindako proben %13,8 positiboak baitira. Gipuzkoako datua, berriz, ezin da kalkulatu, Jaurlaritzaren txostenak ez baitu zehazten zenbat proba egin dituzten lurralde bakoitzean.

Datuei lurraldez lurralde erreparatuta, ia erdiak (578) Nafarroan atzeman dituzte, eta pandemiako daturik okerrena da. Ez dute itxura onik Gipuzkoako datuek ere: 304 positibo atzeman dituzte, atzo baino 29 gehiago. Halere, joan den larunbatean iragarritako 430 kasuetatik urrun dago kopurua. Zenbakiak apalagoak dira Bizkaian eta Araban. Bizkaian, 265 kasu atzeman dituzte, azken asteko gutxien, eta Araban, 55, daturik onena urriaren 14tik.

Datuon gaineko ikusmina handia da. Izan ere, izurriarekin lotutako aldagaiek asteak daramatzate igoera etengabean, batez ere Gipuzkoan eta Nafarroan. Buelta eman nahian, atzo jakinarazi zuen Nafarroako Gobernuak Nafarroa itxi egingo duela; sartu-irtenak kontrolatuta egongo dira; taberna eta jatetxeak, itxita; eta kalean egiten den jarduera oro eten egin beharko da 21:00etarako. Bi asterako ezarriko dituzte neurriok, baina adi jarraitu beharko zaio datuen bilakaerari. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere aitortu zuen atzo birusaren «transmisio handia» dagoela. Halere, intzidentziarik handiena duten herriak ixtea ez dute buruan, Ignacio Garitano Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Zaintza eta Kontrol Programaren koordinatzaileak atzo adierazi zuenez. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur zehaztu du ez dutela «ezer» baztertzen, baina oraingoz ez daudela mahai gainean konfinamenduak eta etxeratze agindua. Haren hitzetan, teknikariek esandakoaren arabera hartuko dituzte erabakiak. Erantsi du neurri horiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osoarentzat, lurralde batentzat edo osasun eremuen araberakoak izan daitezkeela.

Erietxeetan ere karga nabaritzen ari dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, beste 45 pertsona ospitaleratu behar izan zituzten atzo, eta 312 lagun daude gaitzak jota ospitalean, atzo baino hamabi gehiago. Gainera, horietako 59 larri daude, ZIUetan.

Leku batzuk, okerrago

Hego Euskal Herriko leku batzuk beste batzuk baino gogorrago jotzen ari da birusa. Eusko Jaurlaritzak egunero atera ohi duen txostenean, gorriz markatuta daude azken hamalau egunean 100.000 biztanleko 500 positibo baino gehiago izan dituzten Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako hamasei herri —atzo baino bi gehiago— : Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Lezo, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Zumaia eta Zumarraga. Bizkaian, antzeko egoeran daude Abadiño, Durango, Elorrio, Ermua eta Lekeitio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.