Hipotekak

Gorenak dio bankuek ez dutela abusatzen gardentasunik gabe informatzen dutenean

 IRPH indizea duten hipoteken legezkotasuna bermatu du. Finantza erakundeek arnasa hartu dute. Hipoteka hori dutenek 100-200 euro gehiago ordaintzen dituzte hilero.

IRPH hipoteken aurkako protesta bat, Donostian. ANDONI CANELLADA (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko urriaren 21a
16:04
Entzun

Gardentasun falta ez da abusua; ez, behintzat, bankuek egiten badute. Espainiako Auzitegi Gorenak hala ebatzi du IRPH indizeari lotutako hipotekei buruzko ebazpen batean. Aitortu du bezero batzuk ez zituztela behar bezala informatu Euriborraren ordez erabiltzen den indize horri buruz, baina, legezkoa denez —Espainiako Bankuaren abala duenez—, ebatzi du finantza erakundeek ez dutela abusurik egin.

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak martxoan eskatutakoari erantzun dio Gorenak. Ontzat jo du bezero batek salaketa jarriz gero finantza produktu horren merkaturatzea nola izan zen aztertzea, bankuak mailegu hori gardentasun faltarekin saldu ote zuen ala ez argitzeko, eta, abusurik ikusiko balu, hori indargabetzeko eta beste indize bat ezartzeko.

2017an bide hori itxi zuen Gorenak, baina Luxenburgoko epaitegiaren eskaeraren ondoren, berriz ireki behar izan du. Erdizka, hala ere. Abusuagatik ezingo baitituzte zigortu bankuak: alegia, arnasa lasai hartuko dutela. Epaia kaleratu bezain laster, finantza erakundeek gora egin dute burtsan.

Kasu batzuetan, akaso, gardentasun faltagatik zigortuko dituzte, baina alde handia dago hortik abusuagatik zigortzera. Gorenak IRPH indizea abusuzkotzat jo izan balu, hipoteka horiek guztiak baliogabetu edo berriz negoziatu beharko lituzkete bankuek eta bezeroek, eta bankuek milaka milioi galduko lituzkete —bankuek 16.700 milioi euroko kreditu esposizioa dute IRPH hipoteketan—. Epaiarekin, kolpea moteldu egiten da, eta orain izan dezaketen galera, berriz, gardentasun falta frogatzen duten epaien araberakoa baino ez da izango.

Irizpide gehiagoren faltan

Eta noiz esan daiteke bankuek oker jokatu zutela IRPH indizea duten hipoteken kasuan? Bada, Gorenaren arabera, bezeroei kontratua sinatu aurreko bi urteetan indizeak izan zuen bilakaeraren berri eman ez zietenean. Horraino, behintzat, auzitegiak aurreratu duena. Gorenak bost helegite zituen mahai gainean, eta hori baino ez du jakinarazi bere erabakitik. Epaiak, osorik, datozen egunetan kaleratuko ditu, eta espero da horietan gardentasun irizpide gehiago aipatzea, horrekin bakarrik motz gera baitaiteke jurisprudentzia ezartzeko orduan, oinarri horrekin bakarrik gainerako epaitegiek zailtasunak izango dituztelako gardentasun falta egon zen ala ez ebazteko.

Abusurik ezaz ere argudioak eman beharko ditu, komunikabideetara bidalitako oharrean legezkotasunari egiten dion aipamena ere oso zehaztugabea baita. Horren harira, ikusteko dago Francisco Javier Arroyo epaileak egindako boto partikularrak zer dioen. Sala horrek berak 2017an kaleratuta epaian, magistratu horrek berak eta erretiroa hartu duen beste batek ezbaian jarri zuten abusurik eza. Partida, beraz, ez da amaitu, eta auziak aukera ugari ditu Europara berriz itzultzeko.

Izan ere, epaileen artean zatiketa handia dago, eta, oraingoz, Gorenaren ebazpenak ez ditu zalantza guztiak uxatu. Duela zazpi hilabete, Luxenburgoko epaitegiak Espainiako auzitegiei itzuli zien pilota; esan zien kasuz kasu aztertzeko gardentasun falta ote zegoen. Ordutik, askotariko epaiak egon dira. Asufin banku erabiltzeen elkartearen arabera, urriaren 9ra arte 51 ebazpen kaleratu dituzte: horietatik % 59tan, epaileek arrazoia eman diete bezeroei, eta kasu gehienetan abusuzkotzat jo dituzte hipoteka horiek; %33tan, bankuen alde egin dute; eta gainerako %8etan erantzukizunak banatu dituzte bezeroek eta epaileek.

40.000 kaltetu Euskal Herrian

2008ko krisiarekin batera, interes tasak asko jaisten hasi zirenean merkaturatu zuten produktu hori bankuek, beste batzuekin batera, adieraziz kontsumitzaileen onerako zirela, eta IRPHaren kasuan esanez Euriborra baino egonkorragoa zela. IRPHak, baina, Euriborrak baino interes handiagoa du, 2008an jaisten hasi baitzen, eta 2016ko otsailean eremu negatiboan sartu. Bestela esanda, etxebizitza erosi ahal izateko indize horri lotutako maileguak dituzten bezeroek 25.000 euro gehiago ordaintzen dituzte Euriborrari lotua dutenek baino: batez beste, 165 euro gehiago hilean.

IRPH Stop plataformaren arabera, Hego Euskal Herrian 40.000 kaltetu inguru egon daitezke, baina «askoz ere gehiago» izan daitezkeen susmoa daukate. 2004an, adibidez, hamar hipotekatik bat indize horri lotu zitzaion. Egun ez da ia erabiltzen: 2018an, hipoteka berri guztien %0,28k zuten IRPHa.

Zoru klausula

Goreneko Lan arloko Salak mahai gainean zituen bost helegitetik lauri buruzko iritzia eman du. Besteak babes ofizialeko etxebizitza bati dagokion IRPH hipoteka batekin du lotura, baina ez du erabakirik jakinarazi. Bezero askok salatu dutenez, administrazioek behartuta kontratatu behar izan zituzten bankuekin indize hori duten maileguak.

Horrez gain, Sala berak zoru klausulen inguruan ere erabaki behar du, Europako auzitegiak horretara behartu baitu. IRPHaren auzian bezala mintzatu zen Luxenburgo: Susmopean jarri ditu zoru klausulak dituzten hipotekak berritzeko kontratuak, zeinetan bankuek auzitara ez jotzeko baldintza ezartzen duten. Hori bezeroa behar bezala informatuz egin zuten argitzeko eskatu du, eta abusurik ba ote dagoen ebazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.