EAEko Auzitegi Nagusiak ez du baimendu bilerak sei lagunera mugatzea

Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak «oinarrizko eskubideak urratzen» dituela eta «lege babesik» ez duela ebatzi du. Urkulluk esan du «inondik inora ere» ez dagoela ados erabakiarekin, baina errespetatzen duela. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak dio «ulertzen zaila» dela. Nafarroako Auzitegi Nagusiak, berriz, lurralde hartako gobernuak ezarritako neurrien aldeko ebazpena argitaratu du.    

Eusko Jaurlaritza, bilera batean. RAUL BOGAJO, FOKU
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 22a
10:35
Entzun

Eusko Jaurlaritzak talde bilerak mugatzeko hartutako erabakia atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak, eta ez du baimendu bilerak sei pertsonara mugatzea. Hori hala, Jaurlaritzak bakarrik «gomendatu» ahal izango du arlo pribatuan zein publikoan talde bilerak gehienez sei pertsonakoak izatea, eta ez da «betebeharra» izango.

Joan den larunbatean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, Labi aholku batzordeak egoera epidemiologikoa aztertu eta gero, pertsonen mugikortasuna eta jende pilatzeak gehiago mugatzeko neurriak hartuko zituela. Horien artean talde bilerei eragiten dion neurri bat iragarri zuen: bilera horiek, arlo pribatuan zein publikoan, gehienez sei pertsonakoak izan ahalko direla erabaki zuen (hamarrekoa da oraingo muga). EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki horiek berresteko zain zegoen gobernua, agindu berria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzeko eta indarrean jartzeko. Europa Press albiste agentziak aurreratu duenez, Auzitegiko epaileek ebatzi dute Jaurlaritzak ezin duela legez mugatu bilerak sei pertsonakoak izatea, oinarrizko eskubideen aurka doalako eta «lege babesik» ez duelako. Gauzak horrela, Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrei soilik «gomendatu» ahal izango die gehienez sei pertsonarekin elkartzea eremu publikoan zein pribatuan.

Urkullu ez dago ados

Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiarekin desados agertu da Iñigo Urkullu lehendakaria. Facebook sare sozialean argitaratu berri duen testuan, Urkulluk dio «errespetatu eta onartu» egiten duela ebazpena, baina ez datorrela bat, «inondik inora» autoarekin. «Are gutxiago Fiskaltzak aldez aurretik aldeko iritzia eman ondoren», esan du.

Urkulluren ustez, Auzitegi Nagusiaren autoak «ate guztiak ixten» dizkio alarma egoera ezartzeko erabakia ez den edozein neurriri. «Borondate horrekin bakarrik uler daiteke horrelako epai bat, eta badirudi Eusko Jaurlaritzak iradokizunak bakarrik egin ditzakeela». Lehendakariaren iritziz, hala ere, autoak erakusten du Auzitegiaren oniritzia ezinbestekoa zela neurri batzuk praktikan jartzeko. Nolanahi ere, uste du «hobe» litzatekeela gizarteak berak mota horretako neurriak «borondatez» hartzea.

Urkulluk ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak neurriak hartzen jarraituko duela koronabirusaren izurriari aurre egiteko: «Jaurlaritzaren jarrerak irmoa izaten jarraituko du osasun larrialdi egoera honi aurre egiteko». Gaur arratsaldean, Labi batzordearen bilera egingo da, eta lehendakariak iragarri du hor egoeraren diagnostikoa egingo dela eta neurri berriak hartuko direla. Neurriok bihar argitaratuko dira, eta «berme juridiko guztiekin» jarriko dira indarrean, haren esanetan.

Bide beretik jo du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ere. Haren esanetan, «ulertzeko zaila» da auzitegiak hartutako erabakia, azken datuen ostean «are beharrezkoagoa» ikusten baitu neurri murriztaileagoak ezartzea. Hala, erabakia «errespetatu» bai, baina harekin bat egiten ez duela nabarmendu du.

Jaurlaritzatik iritsitako kritikak ikusirik,Auzitegi Nagusiko jarduneko presidente Garbiñe Biurrunek auzitegiak hartutako erabakia defendatu du. Epaileak azaldu du auzitegiak ez duela ebatzi neurri horiek ez direla beharrezkoak, baizik eta horiek, «egungo legediaren barruan», ezin direla hartu.

Nafarroan, adostasuna

EAEko Auzitegi Nagusiak ez bezala, Nafarroakoak ontzat eman ditu Nafarroako Gobernuak atzo argitaratutako neurriak. Horien artean daude lurraldean sartu eta handik irteteko mugak eta ostalaritzako establezimenduen itxiera. Ebazpenaren arabera, gobernuak «eboluzio epidemiologikoaren eta hartutako neurrien eraginkortasunaren» inguruko txosten bat egin beharko du zazpi egunen buruan. Erabakiari errekurtsoa ezartzeko aukera dago, Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.