Libano

Hariri Libanoko lehen ministro aukeratu dute, protestengatik dimisioa eman eta urtebetera

Gobernu berria eratzeko agindua jaso du. Gehiengo osoaren babesarekin hautatu dute gobernuburu. Abstenitu egin dira Hezbollah eta Libanoko Indarrak.

Saad Hariri Libanoko lehen ministro hautatu berria, artxiboko irudi batean. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 22a
13:46
Entzun

Saad Hariri Libanoko lehen ministroaren kargura itzuli da, gobernu berri bat eratzeko aginduarekin. Diputatu gehienen babesa izan du, 118 ordezkarietatik 68rena, Michel Aoun presidenteak gidatu duen kontsulta parlamentarioen prozesu loteslean. Lehen ministroa bera buru duen Al-Mustaqbal alderdiaz gain, Haririren itzuleraren alde agertu dira AMAL, Elkartze Demokratikoa, Marada, Zentro Independentea eta diputatu armeniarren taldea. Hainbat independentek eta Tamam Salam lehen ministro ohiak ere babestu dute.

L'Orient le Jour hedabideak adierazi duenez, Libanoko Indarrek eta Hezbollahk ez dute inongo hautagairen alde egin. Samir Geagea Libanoko Indarren buruak aurreratua zuen ez zuela Hariri babestuko ez duelako «boterean den hirukoaren ekinaldi batean» parte hartu nahi. Zeharkako erreferentzia egin zien, hala, Aounen Mugimendu Abertzale Libreari, AMALi eta Hezbollah talde xiitari.

Hezbollahren parlamentari taldeko buru Mohamad Raadek, berriz, adierazi du abstenitu egin direla, erabaki horrek Libanon «giro positiboa» eratzen eta «itun nazional bat» lortzen lagunduko duen itxaropenez.

Libanok testuinguru politiko nahasia bizi du. Horren adierazgarri, atzo, Haririren aldekoen eta kontrakoen manifestazio jendetsuak izan ziren Beirut hiriburuan. Lehen ministroaren jarraitzaileek su eman zioten Iraultzaren ukabila monumentuari, 2019an Haririren gobernuaren kontra lehertu ziren protesten ikur denari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.