Tolosaldeko 25 alkatek eskualderako ospitale publikoa eskatu dute

Ospitalea Tolosako (Gipuzkoa) Apatta industrialdean jartzea proposatu dute. Eskualdean Asuncion klinika pribatuak ematen du osasun arta, Osakidetzarekin duen hitzarmenaren bidez.

Tolosako Asuncion klinika, agerraldia zegoen egun batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2020ko urriaren 23a
17:00
Entzun

Tolosaldeko 25 alkatek eskualderako ospitale publikoa eskatu dute gaur goizean, Ibarrako udaletxean egin duten agerraldian. Ospitalea eraikitzeko lekua ere proposatu dute: Tolosako (Gipuzkoa) Apatta industrialdea. Beatriz Unzue Amasa Villabonako (Gipuzkoa) alkatearen arabera, proposamena «erabat zentzuzkoa» da: «Egungo industriaren egoera kritikoa kontuan hartuta, erabat zentzuzkoa iruditzen zaigu aukera izatea industriara bideratutako lur horiek eskualderako osasun zerbitzua emango duen ospitale publiko batera bideratzeko». Proposamenak eskualdeko alkate gehienen babesa jaso du, 28 herritatik 25ek bat egin baitute.

Halere, proposamen soil bat dela argitu dute, eta hitz egiteko prest agertu dira: «Erabakiek guztion artean adostuak izan behar dute, eta benetako erabakigunea Tolosaldeko osasun mahaiak izan behar du». Hain zuzen, proposamena osasun mahaira eramateko asmoa dute, bertan zehazteko zein den «kalitatezko osasun arreta» bermatzeko modurik egokiena.

Argi dute orain dela ekiteko momentua, eta hainbat eskaera egin dituzte: osasun arreta definitzea, Asuncion klinikako langileen etorkizuna argitzea, ospitale berriaren kokapena zehaztea eta prozesua aurrera eramateko epeak argitzea.

Aspaldiko eskaera

Otsailean sinatu zuten akordioa 25 alkatek, eta Eusko Jaurlaritzari parte hartze prozesua martxan jartzeko eskatuz. Eragileek, udalek eta Eusko Jaurlaritza parte hartuko duten mahaia osatu nahi dute. Horretarako, udalekin, eragileekin eta sindikatuekin bilduko dira hurrengo bi asteetan.

Tolosaldeko ospitale publikoaren afera ez da oraingoa. Eskualdean ez dago ospitale publikorik, eta Asuncion klinikak eskaintzen du arta, Osakidetzarekin duen hitzarmen baten bidez. Baina duela bi aste berpiztu zen ospitale publikoaren aldeko mugimendua, Asuncion klinikako 41 pertsonak —35 langilek eta sei pazientek— koronabirusa harrapatu baitzuten. Ondorioz, ohiko jarduera eten zuen, baita ospitaleratzeak ere. Eskualdean bizi duten egoera salatzeko, herritarrak kalera atera ziren larunbatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.