EUSKAL PRESOAK

600 pertsonaz osatutako mosaiko bat eratu du Sarek

Joseba Azkarragak eta Inaxio Oiartzabalek adierazi dute asmoa dela beste espetxe politika bat gauzatzea.

Sarek Donostiako Kontxako hondartzan eginiko mobilizazioa. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2020ko urriaren 24a
12:47
Entzun

Manifestazio bat eta mosaiko bat egitea zen asmoa, baina soilik mosaikoa izan da posible, eta nahi baino formatu txikiagoan. COVID-19aren izurriaren bilakaeraren eraginez, 600 pertsonaz osatutako mosaiko bat eratu du Sare Herritarra plataformak gaur arratsaldean Donostiako Kontxako hondartzan. Helburua da Espainiako eta Frantziako estatuek bestelako espetxe politika bat garatzea.

Mobilizazioa 17:00etatik aurrera egin dute, eta babes politiko eta sindikal zabala izan du, Joseba Azkarraga eta Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileek adierazi dutenez. Egitasmoan parte hartu dute EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek. CCOOk ere babestu ohi ditu Sareren eskariak, baina ez du mobilizazioan parte hartu.

Egungoa «helduleku legalik eta gizatasunik gabeko» espetxe politikatzat jo du Oiartzabalek, eta hori amaitzeko eskatu die Frantziako eta Espainiako gobernuei. Pandemia garaian kartzeletan bizi duten egoera ere salatu du, azalduta egoera horrek okerrera egin duela.

Ohiko eskakizunei eutsi die Sarek, Bego Atxa bozeramaileak azaldu duenez: adineko presoak eta gaixotasun larri edo sendaezinak dituztenak berehala askatzeko, urruntze politika amaitzeko eta «etxeratze prozesua martxan jartzea dakarren gradu progresioa» ahalbidetzeko. Datu batean laburbildu du Atxak presoen eta horien senideen egoeraren gordina: Andaluzian (Espainia) edo Galizian dauden presoen gertukoek 40 kilometro egin behar dituzte bisitan igaro dezaketen minutu bakoitzeko.

Atxaren hitzetan, «sistema demokratiko baten kalitatea neurtzeko parametro lagungarrietako bat» da presoen eskubideekiko errespetua, eta, plataformaren arabera, Espainiako Estatua ez da arlo horretan maila ematen ari. Ildo horretan, euskal instituzioei eta eragileei eskatu die mantentzeko «aktibo Euskal Herrian lortutako akordio zabalak» eta «ateratzeko agendatik desadostasunak», espetxe politikaren auzia «konfrontazio eremutik» ateratzeko eta «akordioen agendara» eramateko.

Espainiako eta Frantziako gobernuei ere luzatu dizkiete eskariak, ordea. Atxak aitortu du «hainbat urrats txiki» eman direla azken asteetan zenbait preso lekualdatuta, baina Sarek ez du uste horrek esan nahi duenik egoera «normaltzen» ari dela: «Urruntze politika amaitzea euskal presoak Euskal Herrira ekartzean oinarritzen da, eta ez, oraindik ere, 300 kilometrotara dauden espetxeetara lekualdatzean». Hortaz, «ausardiaz» jokatzea galdegin zion Atxak Pedro Sanchezen gobernuari, «legedia arruntean oinarritutako espetxe politika ezartzeko». Gainera, bi data gordetzeko eskatu die Sarek herritarrei, modu batera edo bestera, mobilizazioak egiteko asmoa baitute: azaroaren 21a eta urtarrilaren 9a.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.