Subiranotasuna

Burujabetza gatazkak konpontzeko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 11tik 13ra

Bilboko Azkuna zentroan egingo dituzte topaketak, Eusko Ikaskuntzak eta Ikerketa Katalanen Institutuak antolatuta. Bertan aurkeztuko dute gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat, nazioarteko 60tik gora adituren ekarpenekin egindakoa.

Beatriz Akizu, Mario Zubiaga eta Zelai Nikolas, jardunaldien aurkezpenean. EUSKO IKASKUNTZA
jon olano
2020ko urriaren 27a
12:02
Entzun

Subiranotasun gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak izeneko nazioarteko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 11tik 13ra bitartean, Bilbon. Eusko Ikaskuntzak eta Ikerketa Katalanen elkarlanean antolatutako topaketak izango dira, eta, horietan, “alderdi akademiko, instituzional eta soziopolitiko zabal baten parte-hartzearekin”, Europako estatuetako subiranotasunaren inguruan “lurralde-gatazkak demokratikoki konpontzeko jardunbide egokien kode baten oinarriak eztabaidatu eta aurkeztuko” dituzte, antolatzaileek azaldu dutenez.

Ekinaldi akademikoa eta soziopolitikoa dela azaldu du Mario Zubiaga proiektuaren koordinatzaile zientifikoak; Euskal Herriko, Kataluniako eta nazioarteko hogei eragilek hartu dute parte egitasmoan. Bidean, burujabetza gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat landu dute, arlo horretan aditu diren 60 pertsonaren baino gehiagoren ekarpenak jasota, eta kode horren lehen bertsio bat aurkeztuko dute azaroko jardunaldietan. Parte hartu dutenen artean daude Eskozia, Katalunia, Quebec, Italia, Frantzia, Espainia, Ingalaterra, Ameriketako Estatu Batuak, Alemania eta Euskal Herriko unibertsitateetako irakasle eta ikerlariak.

Aurkezpenean, Salvador Cardus IECko ordezkariak azaldu du "dimentsio handiko" egitasmoa dela. Jaume Lopez Kataluniako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle eta proiektuko koordinatzaile zientifikoak, berriz, esan du "topiko batzuk" eraitsi nahi dituztela proiektuarekin: "Ate bat zabaltzea da proiektu hau. Burujabetza gatazkak ez dira iraganeko kontua; proiektu honek erakusten du badirela demokrazia eta parte hartze handiagorako eskariak". Gainera, nabarmendu dute burujabetza gatazkak ezin direla barne arazotzat hartu, eta "Europaren proiektua ahuldu beharrean indartu" egiten dutela.

Zelai Nikolas Eusko Ikaskuntzako kide eta Eusko Legebiltzarreko legelariak azaldu du kodearen abiapuntua dela lurralde gatazkak existitzen direla, eta horiek konpontzeko erari buruzko gutxieneko estandar bat osatzea izan dela helburua. Horretarako, nazioartean gisa horretako gatazken konponbidean antzeman dituzten praktika egokiak  baliatu dituzte. Bilboko jardunaldiaren ondoren, asmoa da epe ertainera Europako Batasuneko erakundeetara eramatea planteamendua.

Topaketei dagokienez, hiru egunez elkartuko dira, Bilboko Azkuna zentroan; printzipioz, modu semipresentzialean. Hiru bloketan antolatu dituzte gaiak: lehenik, lurralde gatazken eta jardunbide egokien kodeari buruzko gerturatze bat egingo dute, eta, segidan, landuko dute zergatik parte hartu beharko lukeen EBk kodearen egitasmoan. Azkenik, parte hartze hori nola gauzatu litekeen aztertuko dute. Jardunaldiak ingelesez, euskaraz eta gazteleraz enzuteko aukera egongo da.

EGITARAUA

Azaroak 11:

16:30: Irekiera. Ana Urkiza (Eusko Ikaskuntza) eta Joandomenec Ros i Aragones (Ikerketa Katalanen Institutua).

16:45: Egitasmoaren eta jardunaldiaren aurkezpena. Beatriz Akizu (EI), Mario Zubiaga (EHU), Jaume Lopez (UPF).

17:00: Irekiera hitzaldia: Claiming Sovereignty. States, nations and Self-Determination in the European Context. Michael Keating (Aberdeengo Unibertsitatea)

17:45: Atsedenaldia

18:00: Mahai-ingurua. The push for self-determination in Europe and the limits of the current framework

Azaroak 12:

9:30: Irekiera, Saioaren aurkezpena. Beatriz Akizu (EI).

I. Zer da subiranotasunaren lurralde-gatazka bat? Praktika onen kodearen xedea eta helburua

9:35: Eztabaida testuinguruan kokatzen. Mario Zubiaga (EHU)

9:45: Michael Van Walt. Kreddha. 10:00: Sergiusz Bober. ECMI: Gutxiengoen Gaietarako Europako Zentroa.

10:15: Atsedenaldia

10:30: Alain G. Gagnon (Quebeceko Unibertsitatea Montrealen). 10:45: Jorge Cagiao. Tourseko Unibertsitatea. 11:00: Donatella Della Porta. Scuola Normale Superiore. 11:15: Eztabaida eta galderak (en). Moderatzailea: Eduardo Ruiz Vieytez (Deustuko Unibertsitatea).

12:00: Atsedenaldia

II. Zergatik hartu behar du parte Europak? Jardunbide egokien kodearen interesa, arrazoiak eta pragmatika

12:15. Eztabaida testuinguruan kokatzen. Hizlarien aurkezpena: Enoch Alberti (Bartzelonako Unibertsitatea)

12:30: Costanza Margiotta (Paduako Ikasketa Unibertsitatea). 12:45: Francesco Palermo (Veronako Unibertsitateko Federalismo Konparatiboko Institutua). 13:15: Elisenda Casañas-Adams (Edinburgoko Unibertsitatea). 13:30: Nikos Skoutaris (East Angliako Unibertsitatea)

13:45: Eztabaida eta galderak. Moderatzailea: Ander Errasti (Autogobernu Ikasketen Institutua).

III. Nola parte hartu behar luke? Praktika onen kodearen edukia

15:30: Eztabaida testuinguruan kokatzen. Hizlarien aurkezpena. Zelai Nikolas (Eusko Legebiltzarra). 15:45: Nicola McEwen (Edinburgoko Unibertsitateko Aldaketa Konstituzionalen Zentroa). 16:00: Nikolas Levrat (Genevako Unibertsitatea)

16:15: Atsedenaldia

16:30: Timothy Waters (Indianako Unibertsitatea). 16:45: Matt Qvortrup (Coventryko Unibertsitatea)

17:00: Atsedenaldia

17:15: Susanna Mancini (Bolognako Unibertsitatea). 17:30: Eztabaida eta galderak. Moderatzailea: Jaume Lopez (UPF)

18:15: Itxiera

Azaroak 13

11:30: Subiranotasunaren lurralde-gatazkak ebazteko praktika onen kodea garatzeko oinarriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.