Pilota

Akordioa lortu dute EPELek eta pilotariek

Grebalariek onartu egin dute enpresen ligak egindako eskaintza, eta bertan behera utzi dute lanuztea. Iosu Eskirozi, Victor Estebani, Unai Lasori eta Jon Mariezkurrenari kontratuak berrituko dizkiete.

Baikoren pilotarien arteko bilera, joan den urriaren amaieran. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria - Paulo Ostolaza
2020ko urriaren 27a
18:03
Entzun

Kito. Amaitu da pilota mundua inoiz ez bezala astindu duen lurrikara. Bukatu da Baiko enpresako eta haren pilotari gehienen arteko lan gatazka. Akordioa lortu dute Baikok eta Aspek osatzen duten EPEL enpresen ligak eta hamabost pilotari grebalariek. Gaur arratsaldean itxi dute tratua, eta, horren ondorioz, bertan behera geratu da azaroaren 30era arte deituta zegoen lanuztea. Hamabost pilotari horiek jokatzeari ekingo diote berriro asteburu honetatik aurrera.

ELA sindikatuaren arabera, pilotariek euren aldarrikapen nagusiak eskuratu dituzte. Akordioak sektore guztian izango du eragina, eta, beraz, bi enpresetako pilotariei eragingo die. Azken asteetan eztabaidagai izan diren hainbat kontu biltzen ditu hitzarmenak; tartean, EPELek hitzeman du Josu Eskirozen, Jon Mariezkurrenaren, Unai Lasoren eta Victor Estebanen kontratuak berrituko dituela, «bakoitza epe ezberdin batean».

Aurrerantzean, pilotarien gutxieneko soldata urtean 25.000 eurokoa izango da, betiere jaialdiak gutxienez %80ko edukierarekin egiten hasten direnetik aurrera. Norgehiagoka estelarra jokatzeagatik ere gehigarri bat jasoko dute, eta Hego Euskal Herritik kanpo jokatzen dutenean ere gainsariak izango dituzte. Soldata baxuenak dituzten pilotariei esklusibitate klausulak malgutzea ere adostu dute bi aldeek.

Zehaztutako neurri guztiak, ordea, ez dira ekonomikoak. Enpresek «adostutako barne araubidea» izan beharko dute etorkizunean, eta aldatu egingo dira entrenamenduei buruzko arauak: pilotariek aukeratu ahal izango dute enpresak zuzendutako entrenamenduetara joan edo euren kontura entrenatu. Beste hainbat konpromiso ere hartu ditu EPELek bere gain, botileroei, informazio eskubideari, lan egutegiari, lehiaketa egutegiari eta beste gai batzuei dagozkienak.

Jarduna berreskuratzea

Hiru asteburu luze egin dituzte lehiatu gabe, joan den urriaren 9an greba hasi zutenetik, hain zuzen, eta, orain, pilotarien %90ek sinatu behar dute akordioa baliozkoa izateko. Haiek itzulita, pilotak ohiko jarduna berreskuratuko du, eta pilotalekuko kantxan gertatzen denak bereganatuko du arreta; hau da, lehiak besterik ez. Hilabete eta erdi iraun duen lan gatazkak muturrera eraman du ezkerpareta profesionala, baina, pilotazaleen zorionerako, amaitu egin da.

Duela hiru aste bildu ziren aurrenekoz bi aldeak. Ahalegin ustela izan zen. Ez zen inolako aurrerapausorik eman, eta pilotari grebalarien ordezkariek «oso burumakur» etxeratu ziren. «Gardentasun falta» leporatu zioten enpresari. Bi aste geroago egindako bigarren bileran, berriz, «hurbilketa» izan zela esan zuten. Ordutik, «aurrerapauso txikiak» emanez joan ziren, eta gaur, azkenean, akordio bat lortu dute lan gatazka amaitzeko.

ELAk pilotariak zoriondu nahi izan ditu akordioagatik. Ohar baten bidez, hala adierazi du sindikatuak: «Prozesu honen emaitzak erakusten du oso garrantzitsua dela sindikatu batean antolatzea, baita kirol profesionalean ere, lan-baldintzak hobetzeko berme bakarra baita. Agerian geratu da, haien borrokarik gabe, akordio hori ez zela existituko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.