Katalunia

Bartzelonaren eta Madrilen arteko harremana are gehiago gaiztotu du 'Volkhov operazioak'

ERC eta JxCat alderdiei lotutako hainbat enpresari atxilotu dituzte. Tsunami Demokratikoa plataformarekin lotura izatea egozten diete.

Guardia zibilak, Oriol Soler enpresariaren etxe aurrean, gaur goizean. SUSANNA SAEZ / EFE
Iosu Alberdi - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko urriaren 28a
10:29
Entzun

Kataluniako Parlamentuak independentzia deklarazioa onartu zuenetik hiru urte bete berri diren honetan —atzo bete ziren hiru urte—, Guardia Zibilak Kataluniako prozesu independentistaren kontrako beste operazio bat jarri du abian. Zehazki, Kataluniako alderdi independentistekin lotuta dauden enpresari eta goi kargudun batzuk atxilotzeari ekin dio, ustez Tsunami Demokratikoa plataformarekin loturak izateagatik eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Belgikan duen egitura finantzatzeko diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik. 21 atxiloketa egin ditu orotara, eta 31 miaketa. Bartzelonako 1. instrukzio epaitegiak agindu ditu atxiloketak. Delitu ugari leporatzen dizkiete ikertuei: besteak beste, funts publikoak bidegabe erabiltzea, dirua zuritzea, prebarikazioa, influentzia trafikoa, eroskeria eta desordena publikoak.

Xavier Vendrell Kataluniako Gobernuko kontseilari ohia, David Madi Kataluniako uren konpainiako presidentea eta Oriol Soler komunikazio arloko enpresaria atxilotu dituzte, besteak beste. Vendrell eta Soler ERCri lotuak daude. Vendrell alderdiko antolakuntza idazkari izan zen hamar urtez. Madi, berriz, CIUko komunikazio idazkari izan zen. Eta Artur Masen gertukoa, hura CIUko buru zenean. Quim Torra Kataluniako presidente ohiak txio baten bidez jakinarazi du Josep Alay enpresaria ere atxilotu dutela, Puigdemonten bulegoko buru dena.

Alay aske gelditu da goizean, diru publikoaren erabilera bidegabea egiteagatik akusatuta. Guardia Zibilak ez du argitu gainerako hogei atxilotuak non diren.

Solerren abokatu Benet Salellasek adierazi duenez, enpresaria ostiralean pasatuko da epailearen aurretik. Azaldu du «Espainiako Estatua ezegonkortzeko» estrategia batean parte hartzea egozten diotela, eta helburu hori lortzeko Errusiarekin eta Julian Assange eta Esward Snowden ekintzaileekin elkarlanean aritzea. Are gehiago, autoak jasotzen duenez, ikerketek diote Errusiak 10.000 soldadu bere zerbitzura jartzea eskaini ziola Puigdemonten gobernuari 2017an, baita Kataluniaren zorra ordaintzea ere. Guardia Zibilak izen errusiarra jarri dio, gainera, operazioari: Volkhov. Errusiako hiri baten eta ibai baten izena da, baita Espainiako Dibisio Urdinak Alemaniako naziekin batera Sobietar Batasunaren kontra irabazi zituen guduetako baten izena ere.

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak ohar baten bidez azaldu duenez, hainbat pertsona dira ustelkeria delituengatik eta desordena publikoarengatik ikertutakoak. Zerrenda horretan daude, besteak beste, Xavier Vinyals Kataluniako selekzioen aldeko plataformaren burua eta Pilar Contreras Kataluniako itunpeko ikastetxeen sareko zuzendari nagusia.

Guardia Zibilak miaketa ugari egin ditu Bartzelonan, Igualadan, Gironan, Vilafranca del Penedesen eta Sant Joan Despin, besteak beste. 31 tokitan, orotara.

Ikerketa lotuta dago CDCren fundazioetara bideratutako diru publikoaren ustezko erabilera bidegabearen auziarekin. Aparteko pieza bati dagokio Guardia Zibilaren gaurko operazioa.

Ikerketa agindu duen epailearen tesia da atxilotuek diru publikoa desbideratu dutela Puigdemontek Belgikan duen egitura politikoa finantzatzeko. Horretarako, agintean dauden alderdiekin dituzten loturak baliatu dituztela uste du, eta era irregularrean jaso dituztela diru laguntzak eta esleipenak.

«Errepresioa» salatu dute

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiak Guardia Zibilaren operazioa gaitzetsi du Twitter bidez. «Espainiako Guardia Zibilak Josep Alay nire bulegoburua atxilotu berri du Bartzelonan, independentziaren aldeko mugimenduarekin lotutako beste dozena bat pertsonarekin batera. Berehala askatu behar dituzte. Disidente politikoen kontra egitea oinarrizko eskubideen urraketa larria da».

Puigdemontek gaineratu du Espainiako Estatuak independentismoaren «heriotza politikoa eta zibila» nahi duela, «independentzia deklaraziotik hiru urtera helburu justu eta demokratiko baten alde borrokan» jarraitzen duelako.

Quim Torra Kataluniako presidente ohiak ere «errepresioa» amaitzeko eskatu du. «Nahikoa da!», idatzi du bere Twitter kontuan, Alayren atxiloketaren berri emateko mezuan.

ERCtik, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak Espainiari galdegin dio eten ditzala prozesu independentista «kriminalizatzeko azpijokoak». Beharrezkotzat jo du «irtenbide politiko bat, errepresio poliziala eta judiziala desaktibatuko duena».

Carles Riera CUPeko parlamentariaren esanetan, «politikoki irabaztea» da «errepresioari» eman dakioken erantzunik onena. «Espainiako gobernuak aldatzen dira, baina erregimenak bere horretan jarraitzen du», nabarmendu du.

Gizarte eragile independentistek ere operazioa salatu dute. ANC Biltzar Nazional Katalanak adierazi du Espainiako Estatuak «errepresioaren eta jazarpen politikoaren» lengoaia ulertzen duela soilik. Jordi Cuixart Omniumeko presidente espetxeratuak, berriz, «borroka baketsua kriminalizatzea» leporatu dio Espainiari.

Alderdi eta eragile independentistek elkarretaratzea egin dute 13:00etan, Bartzelonako Sant Jaume plazan. Adierazpen bateratu bat irakurri dute bertan. Atxilotuak berehala aske uzteko exijitu dute, eta «independentismoaren kontrako auzi orokorra» salatu. Independentisten iritziz, operazioak «herritarren oinarrizko eskubideak mugatu» nahi ditu, eta «beldurra» erabiltzen du «disidentzia politikoari jazartzeko». ANCk eta Omniumek elkarretaratzera deitu dute Kataluniako herri eta hirietako plazetan, iluntzerako.

Operazioa Espainiako Estatuaren eraso bat gehiago izan dela adierazi du independentismoaren parte handi batek, eta horrek eragina izan lezake pandemiaren kudeaketan ere. Kataluniako hainbat hedabideren arabera, ERC alarma egoera luzatzearen alde agertuko litzateke, baina JxCat PSOEren eta Podemosen arteko gobernuari babesa ematearen aurka legoke, haiekin ez delako ez errepresioa amaitu, ezta Kataluniako Gobernuaren nahiak ase ere. Hala, bi aldeen arteko harremanak are gehiago gaiztotu ditu Volkhov operazioak.

Terradellas lotura

Guardia Zibilak otsailean eginiko txosten batek independentzia prozesuarekin lotutako 48 lagun ikertzeko eskatu zuen. Haren arabera, 2012. eta 2015. urteen artean Bartzelonako Aldundian modu irregularrean eman ziren hainbat esleipen eta diru laguntza. Milioi bat euro inguruko balioarekin. Horietatik 180.000 euro CATmon eta Igman fundazioetara bideratu ziren. Haien esanetan, prozesu subiranistari lotutako fundazioak dira horiek, CDCko kide ohi Victor Terradellasi lotuak. Terradellas maiatzean eginiko operazioan atxilotu zuten.

Gaur atxilotutako Vendrellek, Madik eta Solerrek harreman estua dute Terradellasekin, Guardia Zibilaren esanetan, eta «proces-eko enpresari frontea» osatzen dute. Hala, Carles Puigdemontekin eta ERCko buru Oriol Junquerasekin bildu ziren 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren aurretik, Guardia Zibilaren arabera, eta erreferendumaren ostean ere prozesu independentistaren alde lanean jarraitu dute. Puigdemontekin eta ERCko buru ohi Marta Rovirarekin bildu izana aipatu dute.

Sokatik tiraka

Ikerketa horren bidez, ustezko loturak atzeman dituzte Tsunami Demokratikoa plataformarekin. Espainiako Auzitegi Nazionalak ez zuen lortu halakorik. Auzitegi hark iaz abiatu zuen plataformako buruak aurkitzeko ikerketa, baina oraingoz ez du emaitzarik jaso.

Tsunami Demokratikoa izan zen iazko udazkenean, Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi buruzagi independentistaren kontrako sententzia eman ostean, hainbat protesta ekintza jendetsu antolatu zituena. Tsunami Demokratikoa terrorismo delituengatik ikertzeko agindua eman zuen Manuel Garcia Castellon epaileak, Prat aireportuan eginiko protestaren ostean. Euskal Herrian ere egin zuen agerpena prostesta mugimenduak, Biriatuko muga kolapsatzeko deia eginez.

Orain, Vendrelli eta Solerri leporatzen diete milioika lagun mugiarazteko gai izan den plataformarekin lotura izatea. Besteak beste, Bartzelona eta Real Madrilen arteko partidan Camp Nou zelaian egin ziren protesten atzean daudela uste du Guardia Zibilak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.