GATAZKAREN ONDORIOAK

EPPK prest dago espetxe politikaren «diseinuan ideiak eta konpromisoak emateko»

Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaria Jon Olarra eta Ainhoa Mujika EPPK-ko zuzendaritzako kideekin bildu da.

Agus Hernan, Alboloteko espetxe aurrean. FORO SOZIAL IRAUNKORRA
jon olano
2020ko urriaren 30a
13:17
Entzun

Foro Sozial Iraunkorra eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Alboloteko kartzelan (Espainia) batzartu dira gaur goizean, egoerari buruzko gogoetez hitz egiteko. Horien artean, Olarrak eta Mujikak Hernani azaldu diotenez, EPPK prest dago «espetxe politikaren diseinuan ideiak eta konpromisoak emateko». Izan ere, uste dute «adosten ez den diseinu orok porrot» egin dezakeela, eta konpromiso horretan kokatu dituzte hainbat gai: «Preso gaixoak, bigarren graduak, biktimak, hirugarren graduak, sakabanaketaren amaiera, erantzukizun zibilak... Kolektibo honek heldutasun eta konpromiso politiko nahikoa du gauden testuingurua ulertzeko eta, ondorioz, konponbiderako guneetan ekarpenak egin ahal izateko».

2018ko abenduaren 8an batzartu ziren bi aldeak azkenekoz. Sei hilabete ziren Pedro Sanchezen gobernua osatu zenetik, eta denbora bat ematea erabaki zuten, besteak beste, kolektiboa osatzen duten presoei espetxe araudiaren barruan irekitako bidean sakontzeko aukera ematea, gizarteratze ibilbidean izandako «aurrerapenak, blokeoak eta atzerapenak ikuspegi jakin batekin" aztertu ahal izateko. Gero pandemia heldu zen, baina hilabeteotan solaskidetza ez da eten.

Foro Sozial Iraunkorrak azaldu duenez, bi aldeek bat egin dute PPren gobernuaren «immobilismo fase luzea gainditutzat» ematearekin eta garai horretako espetxe politika «sakon» aldatzeko beharrarekin, eta baita «konfinamenduaren amaieratik igarotako hilabeteetan egindako urrats apalak kontuan hartzearekin» ere. Gainera, kezka dute gizarteratzeko ibilbidean agertzen ari diren oztopo berrien inguruan, eta bat egin dute  EPPK-k «espetxe barruko ibilbidean sakontzearen aldeko apustuarekin».

Gaurko bileran, bi aldeek adierazi dute «une garrantzitsua» dela «konponbiderako esparrua definitzeko» eta datozen hilabeteetan presoen auziak izango duen bilakaera zehazteko. Gainera, uste dute «gaur egun baldintzarik onenak» daudela Espainiako Gobernuak «gatibutasun printzipioan oinarritutako politika» gainditzeko eta «errealitate printzipioan oinarritutako esparru berri bat» ezartzeko.

EPPKren kexak

Bileran, Olarrak eta Mujikak salatu dute presoak «gordinki pairatzen» ari direla COVID-19aren ondorioak, eta egoera hori «are gogorragoa» dela euskal presoen artean, «kolektibo ia osoa urrunduta» dagoelako: «Gobernuak eta espetxeen administrazioak honen aurrean emandako erantzun eskasaren aurrean, EPPK-k uste du egokia litzatekeela lortutako adostasunetan sakontzea, gobernu organoek planteatutako aldarrikapenak gauza ditzaten».

Halere, presoen kolektiboak kexa batzuk helarazi dizkio foroari; esaterako, larri gaixo dauden hamasei presoetatik hamahiruk espetxean segitzen dutela eta zigorraren hiru laurdenak beteak dituzten 63 preso daudela. Era berean, 65 urtetik gorako hamazazpi presoetatik hamabosten egoeraz ohartarazi dute, eta baita Kordobako espetxean daudenenaz ere. Halaber, «bereziki kezkagarritzat» jo dute Frantziako auzitegiek eta fiskaltzak Jakes Esnal, Jon Kepa Parot eta Xistor Haranburu «sine die espetxean edukitzearekin duten jarrera».

Foro Sozial Iraunkorrak, berriz, kezka azaldu du egungo egoerak gizarteko sektore askotan» eragiten duen «frustrazioarekin» eta egoera hori presoen senitartekoen artean sortzen ari den «birbiktimizazioarekin, presoei aplikatutako espetxe salbuespeneko politikaren zeharkako biktimak baitira senideak». Bestalde, EPPKri eskatu dio «hasitako bidean» jarrai dezala: «Gizarteratze ibilbide bat, kasu askotan lehen emaitzak dagoeneko ematen ari dena. Banakako ibilbide bat, espetxe araudiaren baldintzak errespetatuz, bermeekin urratsak egiteko aukera emango diena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.