Erabakitzeko eskubidea

'Altxa!' ekitaldia egin dute, erabakitzeko eskubidearen alde

Hamaika Gara egitasmoak ekitaldi bat egin du Durangon, 'Altxa!' lelopean. Dei egin dute erreferendumaren aldeko sinadurak biltzera, hura gauzatzeko «baldintzak» sor daitezen

jarraia189107.jpg
jon olano
2020ko urriaren 31
18:51
Entzun

Puntu gorri batek irudikatzen du Hamaika Gara egitasmoa, etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzearen alde 23 eragile biltzen dituen plataforma. Erreferendum horren aldeko sinadurak biltzen hasi da egitasmoa, eta, gaur, lehen mugarri bat ezarri nahi izan dute Durangoko Plateruenan (Bizkaia) eginiko ekitaldian. Bertan, Amalur Alvarez Gure Esku-ko bozeramaileak dei egin du Euskal Herriaren puntu gorria burujabetzaren mapan kokatzera: «Erabakitzeko bidean dauden herrien mapan kokatu behar dugu Euskal Herria. Ez dugu beste herrien erabakitzeko prozesuen ikusle izan nahi; Europatik olatu demokratiko berri bat dator, eta olatu hori hartzeko prest egon nahi badugu, gaurdanik hasi behar dugu igerian».

COVID-19ak baldintzatutako ekitaldi bat izan da, garai berrietara egokitua. Sarean egon da ikusgai, eta zenbait herritan emanaldiak antolatu dituzte hura ikusteko. Altxa! izena jarri diote saioari, erreferendumaren aldeko kanpainaren izen bera, eta bi zatitan banatu dute; kultur arloko 40 minutuko ikuskizun batekin abiatu dute, eta, horretan, azken hamarkadetan zeharreko bidaia bat proposatu du Gotzon Barandiaran gidoilariak, «euskaldunon erreferente kulturalak» ardatz hartuta. Amancay Gaztañagak zuzendu du ikuskizuna, eta Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, Amets Arzallus bertsolariak eta Eñaut Elorrieta, Ruben Caballero eta Dupla taldeko musikariek hartu dute parte.

Ekitaldi politikoa egin dute ondoren, Hamaika Gara osatzen duten eragileetako kideek eta nazioarteko talde subiranista batzuek hitza hartuta. Josu Etxaburu Gure Esku-ko eledunak sinadura bilketan parte hartzera deitu du, hura gauzatzeko «baldintzak» sortzeko: «Herritarron babes masiboa batzen badugu, herri honetan erreferendum bat egingo dugu». Gaineratu du alderdi politikoei dagokiela gizartean erabakitzeko eskubidearen alde dagoen «adostasun zabala lege bihurtzea», eta ohartarazi ez dutela «hori baino gutxiago» onartuko: «Aukera historiko hau galtzea akats larria litzateke».

Beste sektore batzuetako eragileak ere mintzatu dira. Maritxu Serrano Gaurgeroa elkarteko kideak, esaterako, «guztion geroaren alde» egitera deitu du, eta «pentsio duinak» babestera: «Burujabetzan sakondu behar dugu, pentsioen inguruan hemen erabakitzeko eta denontzat bizitza duina bermatzeko». Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, berriz, «hizkuntza politika mugarik gabe erabakitzeko premia» nabarmendu du: «Burujabetza behar dugu euskaraz bizitzeko oztopoetako batzuk behintzat gainditzeko».

Sindikatuen eremuan, Eulate Zilonizaurrekoetxea LABeko kideak beharrezkotzat jo du «lan harremanen eta babes sozialaren eredua erabakitzeko eskumen osoa» eskuratzea, eta, Steilaseko kide Ana Perezen iritziz, egungo egoerak «gobernantza eredu demokratikoago baten premia» azaleratu du. Iratxe Delgado Ernaiko kidearen esanetan, berriz, ez da «herri librerik pertsona askerik gabe»: «Burujabetzan sakondu behar dugu gure bizitzen jabe izan nahi dugulako, gure komunitatea zaindu nahi dugulako, norabidez aldatzeko eskubidea dugulako, eta gure bidea hautatu nahi dugulako».

Eskozia eta Katalunia

Saioan entzungai izan dira Eskoziatik eta Kataluniatik bidalitako mezuak ere; adibidez, Shona McAlpine Scottish Independence Conventioneko idazkari nagusiarena: «Orain beste erreferendum bat egiteko babesa dugu, baita independentziarako ere. Baina garrantzitsuena demokrazia da. Euskal Herriak ere erabakitzeko eskubidea du».

Marcel Mauri Kataluniako Omnium Culturaleko presidenteordea eskertuta agertu da urteotan jaso duten babesarengatik: «Erabakitzeko eskubidearen alde ahalik eta sinadura gehien jasotzeko unea da; Euskal Herriak, Kataluniak, baita munduko herri guztiek ere, erabakitzeko eskubidea baitugu; autodeterminaziorako eskubidea baitugu». Elisenda Paluzie ANC Biltzar Nazional Katalaneko lehendakariak, berriz, erreferendumaren tresna babestu du: «Zuen ondoan egongo gara, erabakitzen duzuen bidean. Horregatik, gure babesa sinadura bilketa hau sustatzeagatik eta autodeterminazio eskubidea erdigunean jartzeagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.