Istiluak

Zazpi lagun atxilotu dituzte asteburuan Bilbon eta Arrasaten izandako istiluetan

Atxilotuetako bi aske utzi dituzte, baina gainerako bostek epailearen aurretik igaro beharko dute. Arrasaten bost zaborrontzi erre zituzten, eta Gasteizen, Donostian eta Eibarren ere izan dira istiluak.

Bilboko Udaltzainak zaborrontziak bere lekuan jartzen, herenegun. JAVIER ZORRILLA / EFE
2020ko azaroaren 1a
11:39
Entzun

Zeresana ematen ari dira aste honetan alarma egoeraren aurka egiten ari diren protestak. Larunbat gauean, Bilbon eta Arrasaten (Gipuzkoa), Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu zituen protesta horietan sortutako istiluak tarteko, eta atxilotuta egongo dira, gutxienez, epailearen eskuetara pasatu arte, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Bilbon, Indautxuko plazaren inguruan bildu zen jendea. Ez zuten deialdiren berri eman ofizialki, baina sare sozialen bidez antolatu zen kontzentrazioa. Lau lagun han atxilotu zituzten, eta beste hiru Arrasaten. Han, bost zaborrontzi erre zituzten.

Gasteizen, Donostian eta Eibarren (Gipuzkoa) ere erre dituzte zaborrontziak, Ertzaintzaren arabera. Gasteizen ehun lagun inguru bildu ziren, eta harriak jaurti zituzten hiriaren erdialdeko hainbat erakusleiho eta eraikinen aurka. Pintaketa batzuk ere egin zituzten, baina ez zuten inor atxilotu.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak hitz egin du gertakariez. Haren arabera, istiluak sortu dituztenek ez dute besteekiko elkartasunik, eta arduragabeak dira: «Osasunaren eta guztion ongizatearen aurka ari dira. Direnak direla ere, beti izango gaituzte parean», adierazi du bere Twitter kontuan. Jarrera bera hartu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, eta gaitzetsi egin ditu bart gaueko ekintzak.

Urkulluren arabera, «terroristak»

Bilbon, ostegunean hasi ziren istiluak. Dozenaka herritarrek protesta egin zuten koronabirusari aurre egiteko hartutako neurrien kontra, eta hogei edukiontzi inguru erre zituzten, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez. Ertzaintzak sei lagun atxilotu zituen, eta azaldu zuten horietako gehienek aurrekariak dituztela; egun bereko iluntzerako, aske ziren. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak «terroristatzat» jo zituen istiluak: «Terrorismoa da. Erabat gaitzesten ditut atzoko [osteguneko] gertaerak. Terrorismoa ere bada herritarren ongizateari eta osasunari eraso egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.