Sortuk «ongizate kolektiboa lehenesteko» eskatu die herritarrei

Arkaitz Rodriguezek ezker independentismoari eta oro har gizarteari dei egin die parte har dezatela hainbat arlotako langileek nahiz pentsiodunek antolatutako mobilizazioetan.

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia.
jon olano
2020ko azaroaren 4a
12:38
Entzun

COVID-19aren izurriaren egoerari eta haren aurrean hartu beharreko neurriei buruz hitz egiteko agerraldi bat egin du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak. Besteak beste, herritarrei hitz egin die Rodriguezek, eta eskatu «interes eta ongizate kolektiboa interes eta ongizate indibidualaren gainetik» jartzeko: «Komunitatea zaintzera deitzen dugu. Guk ez badugu egiten, ez du inork egingo guregatik, eta kaltetuak gu geu izango gara».

Horrekin batera, Rodriguezek herritarrei eta, zehatzago, ezker independentismoari dei egin die mobilizatzeko eta parte hartzeko, «pentsiodunek, erizainek, irakasleek, medikuek, kultur langileek eta abarrek egindako mobilizazioetan». Rodriguezen esanetan, ezker abertzaleak «bere onena» emango du egoera «lehenbailehen» gainditzeko: «Borrokan jarraituko dugu pandemia eta krisi honi erantzun eraginkor eta justu bat eman dakion; borrokan, sakoneko eraldaketa ekonomiko baten alde. Honek agerian utzi ditu sistema ekonomikoaren hutsunean. Eta borrokan burujabetzaren alde; honek frogatu du burujabe izatearen garrantzia, jendea babestu ahal izateko, erabaki eta alarma egoera arrotzen menpe egon behar izan gabe».

Egungo egoeraren ardurez ere jardun du Rodriguezek, eta nabarmendu, Euskal Herria estatu bat balitz, milioi bat biztanleko, birusaren intzidentzian munduko hirugarren estatua litzatekeela, Peruren eta Belgikaren helbidea. Haren iritziz, egungo egoeraren ardura ez da «jendearena», baizik eta «afera honen kudeaketa ezin kaskarragoa egiten aritu diren gobernari eta administrazio horiena. Ardura da eskuliburu neoliberalari jarraikiz era guztietako murrizketak egin dituztenena; hezkuntzan, osasungintzan eta abarretan murrizketak egin dituztenena, gizartea babesgabe utzi dutelako».

Rodriguezek uste du administrazioek «alferrik galdu» zutela jendeak udaberrian egin zuen «sakrifizio ikaragarria»: «Errua da hondartzak betetzera deitu zutenena, erlaxamendu orokorrera deitu zutenena, normaltasun irudi bat proiektatu zutenena, bataila hau gainditutzat eman zutenena». Izan ere, nabarmendu du epe horretan ez dutela kontratatu behar bezainbeste arakatzailerik, medikurik eta erizainik: «Konfinamenduak eskaini zigun denbora alferrik galdu dute, ez dituzte etxeko lanak egin».

Hori horrela, uste du orain arteko estrategiak porrot egin duela: «Ez da posible hirugarren olatu batera egoera honetan iristea. Estrategiaz aldatu beharko litzateke. Helburua zen birusaren elkarbizitzea, ekonomiaren mesedetan. Emaitza da ez dugula ez osasunik ezta ekonomiarik ere». Erantsi duenez, esperientziak erakutsi du «pandemia kontrolatzen ez den artean nekez egon daitekeela suspertze ekonomikorik». Horrez gain, esan du ez dela «onargarria» krisi sozial eta ekonomikoa «betikoen bizkar gainean» geratzea: «Ez diezagutela esan ez dagoela horretarako dirurik; aurten AHTan pandemiara bideratutako diruaren bikoitza baino gehiago bideratuko dute».

Ernai, protestan

Bestalde, Ernai gazte antolakundeak protestak egin ditu Nafarroako Gobernuaren egoitzaren eta Eusko Jaurlaritzarenaren atarian, «osasun neurri eraginkorrak» eskatzeko. Zehazki, gobernuei eskatu diete garraio publikoa indartzeko, hezkuntzan ratioak jaisteko, alokairuen ordainketak eteteko, lanpostuak defendatzeko, oinarrizko errenta «duina» bermatzeko diru sarrerarik gabe dauden edo galdu dituzten gazteei, eta «kriminalizazioa gelditzeko»: «Gu arduraz jokatzen ari gara; herritarrok prest gaude denon ongizateagatik esfortzu hau egiteko. Hori bai, non dago arduradun politikoei dagokien bestelako lan guztia? Non daude inbertsioak? Non daude baliabideak?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.