Herriko tabernen auziagatik, Urrutikoetxea Espainiaratzea berretsi du Frantziako Kasazio Auzitegiak

Irailaren 30ean onartu zuen Josu Urrutikoetxearen aurkako euroagindu eskaera Parisko Dei Auzitegiak, baina helegitea ezarri zuten haren abokatuek. Alaitz Aramendi ere Espainiaratzea ebatzi du epaileak.

Josu Urrutikoetxea, Parisen, BERRIArentzaat ateratako argazki batean. EñAUT CASTAGNET
Berria
2020ko azaroaren 4a
15:55
Entzun

Frantziako Kasazio Auzitegiak ontzat eman du Josu Urrutikoetxearen Espainiaratzea EFE agentziak jakinarazi duenez. Herriko tabernen auziagatik Auzitegi Nazionalak egindako euroagindu eskaera onartu zuen joan den irailaren 30ean Parisko Dei Auzitegiak, baina helegitea ezarri zuten haren abokatuek. Haien iritziz, euroaginduak ez zuen oinarrizko prozedura errespetatu. EFEren arabera, Frantziako Kasazio Auzitegiak ez ditu haien argumentuak onartu. Halere, ez dute berehala Espainiaratuko, Frantziako Estatuan beste epaiketa batzuk dauzkalako oraindik.

Baltasar Garzon epaileak 2005eko otsailaren 28an auzipetu zuen Urrutikoetxea Herriko tabernen auzian (35/02 sumarioa); Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak bozetara deitu eta Eusko Legebiltzarra desegitearen ondorioz Urrutikoetxeak legebiltzarkide izateari utzi eta astebetera. Garzonek 2001eko uztailean Ekineko ustezko hainbat lagun auzipetzean hura «Ekineko gune nazionalaren arduradun» gisa jo zuen arren, ezin izan zuen prozesatu, foruduna baitzen. Instrukzio epailearen arabera, KASen ordezkoa zen Ekin, ETA barruan zegoen eta haren «bulego politikoa» zen, eta ezker abertzalearen zuzendaritza eta kontrol lanak egiten zituen. Herriko tabernen auziko operazioa 2002ko apirilean agindu zuen epaileak.

35/02 sumarioko ahozko epaiketa 2013ko urrian hasi zen, Auzitegi Nazionalean, eta 36 lagun eseri ziren akusatuen aulkian. Urrutikoetxea 2002ko udazkenetik ihesian zen, eta ez zuten epaitu. Zortzi eta hamabi urte arteko espetxe zigor eskaerekin ekin zioten epaiketari, eta sententziak (2014) urtebete eta hiru urte arteko kartzela ezarri zien hogei laguni: HBko eta Batasuneko zortzi mahaikide ohiri, «ETAren fronte instituzionala» osatzea, erakunde armatuko kide izatea eta herriko tabernen sarea kontrolatzea egotzita; eta herriko tabernen zatiko hamabi auzipeturi, elkarteen bidez «ETAren egitura»finantzatu eta laguntzeagatik. Defentsak Gorenera jo zuen, eta horrek 2015ean kartzela urteak jaitsi egin zituen, gehienezko zigorra bi urtetik behera jarrita; horrela, Gorenaren epaiaren ostean zigortutako inor ez zuten sartu preso.

Beste bi eskaera

Urrutikoetxea Espainiaratzeko lau eskaera izan dira orotara hura atxilotu zutenetik: bi euroagindu eta bi estradizio eskaera. Uztailean gizateriaren kontrako krimenaren akusaziopean egindako euroagindu eskaera atzera bota zuen Parisko Dei Auzitegiak; zehazki, Madrilgo aireportu Barajasen ETAk 2006ko abenduaren 30ean egin zuen atentatuari zegokiona —bi zibil hil zituen erakunde armatuak—. Bi estradizioei buruzko erabakiak ematekoak ditu oraindik. Bata Luis Hergueta Michelin enpresako buruaren erailketarekin lotua da (1980an ETApm-k hartu zuen bere gain, eta Urrutikoetxea ez zen erakunde horretako kide izan), eta bestea, 1987ko Zaragozako atentatuarekin lotua da -Urrutikoetxeak errana du ez zuela zerikusirik izan-.

Horrez gain, beste bi prozedura ditu Frantzian, ETAko kide izatea leporatuta. 2005-2006ko prozesuari lotutako otsailera atzeratu zuen Parisko Dei Auzitegiak osasun egoeragatik. 2010-2013ko prozesuari lotutakoa aldiz berriz instrukziora bidaltzera erabaki zuen Parisko Zigor Auzitegiak.

Alaitz Aramendi ere Espainiaratzea ebatzi du epaileak

Bestalde, Parisko Dei Auzitegiko epaileak deliberatu du Alaitz Aramendi ere Espainiaratzea, 40 urteko zigorra bete dezan. Halere, agindu hori ez da beteko Frantziako justiziak ezarritako hemezortzi urteko zigorra bete arte. Otsailean da zigorra betetzekoa. Defentsako abokatuek helegitea aurkez dezakete. Aramendik 42 urte dauzka, eta 2007ko irailean atxilotu zuten. 2017an Espainiaratu zuten, 2005eko atentatu baten harira epaitu zezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.