euskal presoak

Hiru preso Euskal Herriratuko dituzte, eta bi gerturatuko

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga Martutenera eramango dituzte, eta Xabier Perez Aldunate, berriz, Iruñera. Aitor Garcia eta Joseba Segurola, berriz, Burgosko espetxera hurbilduko dituzte.

Xua Gurasoekin Etxera egitasmoaren aurkepena, iazko ekainean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
jon olano
2020ko azaroaren 4a
16:09
Entzun

Espainiako Espetxe Instituzioen Idazkaritza Nagusiak jakinarazi du beste bost preso Euskal Herriratuko edo Euskal Herritik gertu dauden kartzeletara hurbilduko dituela. Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster Martuteneko kartzelara eramango dituzte. Biei hamabi urteko zigorra ezarri zieten, eta hirugarren gradua eman diete.

Biak Euskal Herriratzeko eskariek bide luzea egin dute; izan ere, alaba txiki bat dute, Xua, eta urtarrilean bete zituen 3 urte; ordura arte gurasoekin bizi zen Picassenteko espetxean (Valentzia, Herrialde Katalanak), baina, adin hori beteta, ezin zen aurrerantzean kartzelan bizi, legez. Gurasoak eta alaba ez banantzeko, Xua gurasoekin etxera egitasmoa abiatu zuten.

Izan dira mugimendu gehiago. Xabier Perez Aldunate ere Euskal Herriratu egin dute, Kordobatik Iruñera ekarrita. 2005etik dago espetxean, hogei urteko zigorra betetzen. Joseba Segurola, berriz, Murtziako presondegitik Burgoskora eramango dute. 2003tik dago preso, hogei urteko zigorra betetzen. kartzela horretara hurbilduko dute Aitor Garcia ere; 2001etik dago preso, 30 urteko zigorra betetzen. Jaenen dago orain.

Istripu bat

Bestalde, Etxerat elkarteak jakinarazi du Arkaitz Agirregabiria presoaren gurasoak eta alaba zihoazen autoari gurpil bat lehertu zitzaiola bisitan zihoazela. Gidariak ez zuen autoaren kontrola galdu, baina ezin izan ziren bisitara iritsi. Halere, bisita berreskuratu ahal izango dute. Lannemezanen (Okzitania) dago Agirregabiria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.