24 ordu

Hauteskunde gaua amaitu zenetik egun oso bat pasatu da AEBetan, eta, Bidenek Wisconsinen eta Michiganen irabazi badu ere, oraindik aukera guztiak irekita daude.

Andy and Bryn DeFusco bere etxean, Phoenixen (Arizona) hauteskunde gaua jarraitzen. RICK D'ELIA, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko azaroaren 5a
11:35
Entzun

Pasatu dira 24 ordu AEBetako hauteskunde gaua amaitu zenetik, eta oraindik ez dago irabazlerik. Estatu gehienetan, kontaketa ez da amaitu, baina jakina da horiei dagozkien ordezkariak norentzat izango diren. Beste batzuetan, ordea, alde txikia dago Donald Trumpen eta Joe Bidenen artean, eta datozen orduetan argituko da ziurrenik nork irabazi dituen hauteskundeak.

Zer aldatu da azken 24 orduetan?

Garrantzitsuena da Bidenek Wisconsinen eta Michiganen irabazi duela, eta bi estatu horiekin 26 ordezkari gehiago lortu dituela (hamar Wisconsinen eta hamasei Michiganen). Atzo eguerdian, bi estatu aldakor horiek erabaki gabe zeuden, eta Trump zen aurretik batean zein bestean. Horregatik, hasieran pentsa zitekeen presidentegai errepublikanoak gertu zuela garaipena. Baina atzo eguerdirako jakina zen posta bidez botoa eman zuten gehienak demokratak zirela, ziurrenik bozkalekuan koronabirusaz kutsatzeko arriskuaz errepublikanoak baino kontzienteago zirelako. Eta espero zena gertatu zen: Bidenek posta bidezko botoarekin irabazi zituen hauteskundeak bi estatu horietan. Emaitza oso estua izan da, ordea, batez ere Wisconsinen. Bidenek 20.500 botorengatik irabazi du. Bestelakoa izan da emaitza Michiganen: 134.000 botoren aldea atera dio demokratak Trumpi, eta botoen %50era ere heldu da.

Zer estatu aldatu dira kolorez 2016ko bozetatik?

Oraingoz, bi horiek dira, hain zuzen: Wisconsin eta Michigan. Baina beste bat ere egon liteke: Arizona. 2016an hiru puntu eta erdiren aldearekin irabazi zuen Trumpek, baina orain Biden da aurretik, eta, botoen %86 zenbatuta, 69.000 botoren aldea du. Hauteskunde gauaren amaieran, Arizonan Bidenek irabaziko zuela iragarri zuten zenbait hedabidek, eta oraindik ere hala mantentzen dute batzuek. Besteek, ordea, alde hori txikia dela argudiatzen dute, eta oraindik ez dizkiote eman Arizonaren 11 konpromisarioak Bideni.

Arizonan irabazten badu, Etxe Zurirako bidea leunduko zaio presidentegai demokratari. 11 horiekin, 264 konpromisario lituzke hautatzaileen batzarrean. Sei besterik ez lituzke behar, beraz, AEBetako 46. presidentea izateko. Nevadan irabaztea nahikoa izango luke 270 horietara iristeko. Hautatzaileen batzarrak duen konpromisario kopuruaren erdia da hori, baina legeak dio berdinketa bat izanez gero Ordezkarien Ganberak erabaki behar duela nor izango den hurrengo presidentea, eta egin berri diren hauteskundeetan gehiengoari eutsi diote demokratek ganbera horretan.

Zenbat estatu eta ordezkari geratzen dira erabakitzeko?

Sei dira oraindik irabazlerik ez duten estatuak: Alaska (3), Nevada (6), Arizona (11), Georgia (16), Ipar Carolina (15) eta Pennsylvania (20). Oraingoz, Nevadan eta Arizonan aurretik da Biden, eta Alaskan, Georgian, Ipar Carolinan eta Pennsylvanian, Trump.

Nola doa kontaketa estatu horietan?

Astiro: ezin da besterik esan hauteskundeak amaitu eta 24 ordu baino gehiago pasatu diren eta garailerik ez dagoen honetan. Georgian (%96) eta Ipar Carolinan (%95) dago aurreratuen, baina emaitza estua da. Lehenengoan, Trumpek 18.500 botoren aldea du eta 50.000 geratzen dira zenbatzeko. Gainera, errepublikanoek iragarri dute hainbat konderritan helegiteak aurkeztuko dituztela, demokratei botoak kentzeko. Ipar Carolinan, 76.700 botoren aldea du Trumpek. Pennsylvanian, botoen %11 falta da zenbatzeko, eta Trumpek 165.000 botoren aldea du. Arizonan, %14a falta da zenbatzeko, eta Bidenek 8.000 botoren aldea du. Arizonan ere, %14 falta da, eta Bidenek 69.000 botoren aldea du. Azken estatu horretan hurrengo emaitza gaur gauean iritsiko dira.

Noiz jakingo da nork irabazi dituen hauteskundeak?

Berez, abenduaren 14an elkartu behar dute hautatzaileen batzarreko 538 konpromisarioek presidentea aukeratzeko. Baina, ondo bidean, datozen orduetan edo egunetan argituko da. Pennsylvanian, bihar arteko epea eman zuen Auzitegi Gorenak aurretik emandako botoa jasotzeko, eta estatu horretako hogei ordezkariak erabakigarriak izan daitezke. Gainera, kontuan hartu behar da Trumpek iragarri duela auzitara joko duela eta horrek prozesua luza dezakeela; hala gertatu zen 2000. urtean Bushek Floridan 537 botogatik irabazi eta Al Gorek hasieran emaitza onartu ez zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.