Eusko legebiltzarra

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk neurri sozial eta ekonomikoak eskatu dizkiote lehendakariari

Maddalen Iriarte eta Miren Gorrotxategi Iñigo Urkullurekin bildu dira, lehendakaria Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin egiten ari den bilera sortaren barruan

Urkullu eta Iriarte, gaur, Ajuria Enean. DAVID AGUILAR / EFE
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 6a
12:30
Entzun

Maddalen Iriarteren ustez, COVID-19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurri murriztaileak «ezinbestekoak» izango dira «ziurrenik». EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, ordea, horiekin batera neurri sozialak eta ekonomikoak ere aplikatzeko eskatu dio Iñigo Urkulluri. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko buruak ere onartzen ditu Jaurlaritzaren neurriak, baina Iriarteren eskaera bera egin dio lehendakariari. Urkullu Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin egiten ari den bilera sortaren barruan egin dituzte batzarrak.

Ajuriaenean egindako bileraren ondoren, prentsaren aurrean mintzatu da Iriarte, eta nabarmendu du Urkulluri adierazi diola «oposizioko lehen indarrarekin harreman jarraitua» eduki behar duela. «Eta orain, gehiago. Koronabirusa ez da gobernu baten, alderdi baten edo oposizioaren arazoa». Hori dela eta, izurriari «herri gisa» erantzutera deitu du. «Mahai iraunkor bat» osatzea proposatu du. «Neurriak kontrastatzeko, eta, elkarren artean, neurri eraginkorrenak adostu ahal izateko». Iriarterentzat, «auzolanean gobernatzeko ordua da».

Koalizio independentistak dokumentu bat aurkeztu dio lehendakariari, zeinak, «osasuna, hezkuntza, zaintza, komertzioa, ostalaritza» aintzat hartuta, COVID-19ak eragindako krisiari erantzuteko 123 neurri proposatzen dituen. Iriarteren ustez, ematen du Jaurlaritzak ez duela izurriari erantzuteko planik. «Arduratuta gaude. Ostalaritza ixtea ez dago jasota Jaurlaritzaren Bizi Berriplanak aurreikusitako jokalekurik okerrenean ere», azpimarratu du. «Neurri murriztaileak hartu aurretik, plan bat eduki behar da».

Gogoratu du hartutako neurri murriztaileen ondorioz kalteak pairatzen ari diren sektoreek «orain» behar dituztela laguntzak. «Oraindik apirileko laguntzak jaso gabe jarraitzen dute batzuek», ohartarazi du. «Babes neurriak indartu behar dira». Eta adibidetzat jarri du EH Bilduk joan den astean ostalaritzaren sektoreari laguntzeko legebiltzarrean aurkeztutako plana. EAJk eta PSE-EEk osatutako koalizio gobernuak atzera bota zuen.

«Etsita» dago Iriarte, eta hala esan dio Urkulluri, telebistaz jakin zuelako atzo zeintzuk izango ziren Jaurlaritzak hartutako neurri berriak. «Ez da aritzeko modua. Uste dut ulertu duela ezin duela horrela jarraitu».

Bilera «positiboa»

Gorrotxategik nabarmendu du «positiboa» izan dela enkontrua, eta lehendakaria «elkarlanerako asmoarekin» ikusi duela.
EP-IUk Duintasunez dokumentua eman dio lehendakariari. «Gehien sufritzen dutenen duintasuna bermatzeko» hemeretzi neurri dira, Gorrotxategik jakinarazi duenez. Horietako batzuk aipatu ditu: herritar guztiei «arreta psikologikoa eta psikosoziala» bermatzea; indarkeria matxista pairatzen duten emakumeei «arreta integrala» eskaintzea; autonomoei eta enpresa txiki eta ertainei diru laguntza zuzenak ematea; baita administrazioa digitalizatzea ere.

Gorrotxategik gogoratu du, gainera, orain hilabete batzuk egin bezala alderdi politikoekin, sindikatuekin eta eragile sozialekin zein akademikoekin «Euskadi eraikitzeko mahai bat» eratu dezala eskatu diola lehendakariari. «Elkarrizketa egonkor bat edukitzeko. Begi eta buru askok hobeto pentsatzen dute zein neurri hartu behar diren».

Leporatu dio Urkulluri aurrena «prentsaren bidez» eduki zutela Jaurlaritzak izurriaren kontra hartutako neurrien berri. «Lehendakariak gero bidali zigun dekretua». Hori dela eta, ohartarazi dio lehendakariari EAJri eta PSE-EEri Eusko Legebiltzarrean EP-IUk egiten dion oposizioa ez dela «PPren eta Voxen Kongresuko oposizio arduragabea». Gorrotxategirentzat, bere koalizioak «erantzukizunez» jokatzen du, eta oposizio «propositiboa» egiten du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.