Urkulluk bihar abiatuko du bilera sorta alderdiekin

Jaurlaritzako lehendakariak Voxeko Amaia Martinezekin ekingo die bilerei, eta PP+C's-eko Carlos Iturgaizekin batzartuko da bihar bertan.

Iñigo Urkullu eta Maddalen Iriarte, Eusko Legebiltzarreko saio batean, iazko irailean. JUANAN RUIZ / FOKU
jon olano
2020ko azaroaren 2a
13:38
Entzun

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iragarri zuen Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin bilera sorta bat egingo zuela, legealdirako erronka nagusien aurrean «lankidetza eraginkor bat» izateko. Bihar abiatuko du bilera sorta hori; 11:30ean, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkidea hartuko du Ajuriaenean, eta 13:00etan, berriz, Carlos Iturgaiz PP+C's koalizioko legebiltzarkidearekin bilduko da, leku berean.

EH Bilduko talde parlamentarioarekin ere lotua du hitzordua Urkulluk, Arnaldo Otegi indar subiranistako bozeramaileak baieztatu duenez: ostiralean izango da. Otegik agerraldia egin du COVID-19aren izurriaren egoerari buruz hitz egiteko, eta ziurtzat jo du erakundeek konfinamendua ezarriko dutela: «Hemen argi esan behar da birusarekiko elkarbizitzan oinarritutako estrategiak porrot egin duela. Era guztietako jendeak onartzen du hori, komunitate zientifikoa agerian uzten ari da».

Ostiralean bertan hartuko du Urkulluk Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IU taldeko burua ere. Pilar Garrido Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko koordinatzaileak ere hitz egin du pandemiaren kudeaketaz, eta «elkarrizketa politikoa» beharrezkotzat jo du erabakiak hartzeko: «Denbora daramagu lehendakariari eskatzen gurekin kontatzeko, foro bat sortzeko alderdi guztiek lagundu dezagun etorkizuneko konfinamendua diseinatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.