Koronabirusa, ekonomia eta klima larrialdia Bidenen lehen neurrien artean

AEBetako presidente hautatuak «trantsiziorako» webgune bat sortu du, eta bertan jaso ditu Etxe Zurira sartu bezain laster abian jarri nahi dituen hainbat neurri.

Joe Biden AEBetako presidente hautatu berria, hauteskunde ekitaldi batean, joan den azaroan. JIMLO SCALZO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 9a
10:56
Entzun

Alderdi Demokrata prestatzen ari da Joe Biden AEBetako presidente hautatuak agintea hartu eta berehala lehentasuntzat dauzkan arloetan hainbat neurri bultzatzeko. Lehentasun horien artean dira COVID-19aren pandemiari aurre egiteko plana, ekonomiaren hazkundea sustatzea, klima larrialdiari erantzutea eta arrazakeriaren aurka egitea. Hala jaso dute Biden presidentearen eta Kamala Harris presidenteordearen «trantsiziorako» webgune ofizialean. «Eratzen ari den taldeak lehenengo egunetik helduko die erronka horiei».

Bidenek azaldu du urtarrilaren 20an presidente kargua hartzen duenean eskutitz bat idatziko duela NBE Nazio Batuen Erakundera bere agintaldiko lehen orduetan, jakinarazteko AEBek bat egingo duela larrialdi klimatikoari aurre egiteko nazioarteko ahaleginarekin. Hala, atzera egingo du Donald Trump jarduneko presidenteak egindako bidean. Hark AEBak atera zituen 170 estatuk baino gehiagok izenpetu zuten Parisko Hitzarmenetik. Ez hori bakarrik. 2050. urterako AEBak karbono isurietan neutro bilakatzeko helburua ezarri du, eta adierazi du herrialdeak klima larrialdiaren kontrako ahalegina gidatu behar duela nazioartean. Horretarako, besteak beste, Barack Obama presidenteorde demokratak ingurumena babesteko indarrean jarri zituen arauak berreskuratuko ditu. Trumpek bertan behera utzi zituen bere presidentetzan.

Agintaldiaren lehen egunetik, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurriak ere iragarri ditu. AEBetan, hamar milioi kasu baino gehiago zenbatu dituzte pandemiaren hasieratik, eta hirugarren oldea kutsatzeen abiadura azkartzen ari da. Birusarekin kutsatutakoak atzemateko test masiboak eta «hornikuntza nazionalerako katea» sustatuko dituela hitzeman du Bidenek. Helburu horrekin, prest agertu da Defentsa Produkzioaren Legea baliatzeko. Koreako Gerraren garaiko lege horrek presidenteari eskumena aitortzen dio herrialdeko enpresen ekoizpenean esku hartzeko eta nazioaren defentsarako ezinbestekoak diren produktuak ekoitzi ditzatela agintzeko. Horrela, Bidenek handitu egin nahi du osasun baliabideen hornikuntza.

Horrez gain, hamabi adituz osatutako taldea aurkeztu du gaur, COVID-19aren kontrako politikekin aholkulari lanetan aritzeko. Osasun publikoan, txertoetan eta gaixotasun kutsakorretan adituak diren mediku eta zientzialariek osatzen dute.

Migrazio politikei dagokienez, AEBetara iritsi zirenean adingabeak ziren dokumenturik gabeko migratzaileentzako legezko estatusa berreskuratuko duela ere iragarri du, eta errefuxiatuak AEBetan kokatzeko neurriak hitzeman.

Presidente izendatuaren webguneak jasotzen duenez, gobernu berriak indargabetu egingo du Libiatik, Irandik, Somaliatik, Siriatik, Yemendik, Ipar Koreatik eta Venezuelatik AEBetara bidaiatzeko debekua. Gainera, Gobernuko langileei sindikatzeko eskubidea berriz aitortuko die eta laguntzak onartuko ditu etxerik gabe dauden herritarrentzat.

Merkel: AEBak eta Alemania, «elkarrekin»

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Biden eta Harris zoriondu ditu hauteskundeak irabazteagatik, eta nabarmendu du AEBek eta Alemaniak «elkarrekin» egin behar dietela aurre «garai honetako erronka handiei». Horien artean aipatu ditu koronabirusaren pandemia, «Lurraren berotzea eta haren ondorioak», eta «terrorismoaren» kontrako borroka, «gizarte irekiak eta merkataritza librea» bermatzeko. Adierazi duenez, horiek dira «ongizatearen oinarriak Atlantikoaren bi aldeetan».

Merkelek aitortu du Europako estatuek «ardura handiagoak» hartu behar dituztela beren gain AEBekin duten harremanetan, defentsaren eta atzerri politikaren arloan. Azaldu du AEBek hala izatea espero duela eta arrazoia duela horretan. «Europarrok bidea hasi dugu».

Txinak eta Errusiak adierazi dute ez dutela AEBetako bozen emaitzen gaineko adierazpenik egingo hauteskunde prozesua ofizialki amaitzen den arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.