Trumpen aholkulariak, zatituta

AEBetako jarduneko presidentearen hurbileneko goi kargudun batzuek uste dute Joe Biden presidentea zoriondu beharko lukeela, eta beste batzuek, berriz, salaketa judizialen bidez bozak irabazteko ahalegina egin beharko lukeela.

Donald Trump bere golf klubetako batetik Etxe Zurira iristen, joan den larunbatean. CHRIS KLEPONIS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 9a
11:53
Entzun

Joe Biden AEBetako presidentetzarako bozen irabazle denetik, agerraldi publikorik egin gabe eman ditu azken bi egunak Donald Trumpek. Ez du aurkariaren garaipena aitortzeko ohiko hitzaldirik eman, eta hauteskunde «iruzurra» salatzen jarraitu du sare sozialen bidez.

Egoera horretan, zatituta daude jarduneko presidentearen gertuko aholkulariak, AEBetako zenbait hedabidek azaldu dutenez. Gehienak Biden zoriontzearen eta porrota onartzearen aldekoak dira, salaketa judizialen bidez bozak irabazteko tartea estuegia dela iritzita. Beste batzuk, baina, epaitegietan emaitzei buelta ematen ahalegintzearen aldekoak dira. Azken horien artean, jarrerarik irmoena Rudolph W. Giuliani Trumpen abokatu pertsonalarena dela diote hedabideek.

Alderdi Errepublikanoan, hasi dira Bidenen garaipena aitortzeko mugimendu publikoak. George W. Bush presidente ohia da orain arte Biden zoriondu duen pisu handieneko kidea. «Nire zorionik beroenak eman nahi dizkiot, eta eskertzen diot aurreko gauean zabaldu zuen mezu abertzalea», adierazi zuen Bushek igandean. Gaineratu zuen Bidenekin «desadostasun politikoak» dituen arren «gizon ona» dela eta «herrialdea gidatzeko eta batzeko bere aukera irabazi» duela.

Bushen iritziz, Trumpek «eskubidea» du botoak berriz zenbatzea eskatzeko eta emaitzen kontrako salaketak aurkezteko, baina argi utzi du ez duela espero horiek bozen emaitza irauliko dutenik.

Trumpen «iruzur» salaketaren kontra ere mintzatu da argi. «Estatubatuarrek konfiantza osoa izan dezakete hauteskunde hauek funtsean garbiak izan direla». Bozen emaitza «argia» dela nabarmendu du.

Alderdiak Kongresuan dituen ordezkari nagusiek, berriz, ez dute oraindik aitortu Bidenen garaipena. Mitch McConeel senatari errepublikanoen buruak eta Kevin McCarthy Ordezkarien Ganberako errepublikanoen liderrak ez dute uste Biden oraindik presidente hautatutzat jo daitekeenik.

Ordezkari errepublikano gutxi batzuk izan dira orain arte hautagai demokrata zoriontzeko urratsa egin dutenak. Horien artean, Mitt Rommey Utahko senataria eta Lisa Murkowski Alaskakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.