Palestina

«Dirurik gabe» gelditu da errefuxiatu palestinarrentzako NBEren erakundea

UNRWAk 5,7 milioi errefuxiatu palestinarri ematen die zerbitzua.

UNRWAko langile palestinar bat janaria banatzen, Gazan, joan den irailean. MOHAMMED SABER, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 11
10:59
Entzun

«Desoreka bat dago NBEko [Nazio Batuen Erakundeko] estatu kideengandik jasotzen dugun babes politikoaren eta diru ekarpenen artean», adierazi zuen atzo Tamara Alrifai UNRWAko bozeramaileak. Ohartarazi du agentziak ez duela baliabide nahikoa jaso estatu emaileen aldetik. Agentzia «dirurik gabe» gelditu zen astelehenean.

Ondorioz, ezin izango du jarraitu oinarrizko zerbitzua ematen Ekialde Hurbilean banatuta dauden 5,7 milioi errefuxiatu palestinarrei. Esaterako, ezinezkoa izango zaio 500.000 haurrentzako osasun zentroak eta ikastetxeak hornitzea.

Agentziak «eskualdea egonkortzeko ekarpen garrantzitsua» egiten du, Alrifairen esanetan, eta orain ezin izango du lan hori egin, hain justu koronabirusaren pandemia hedatzen ari den honetan. COVID-19arekin kutsatutako errefuxiatu palestinarrak 200 inguru ziren uztailean, eta ia 17.000 azaroaren hasieran. UNRWAk hainbat neurri hartu ditu kutsatzeak mugatzeko. Horien artean, telefono bidezko arreta eta hezkuntza presentzialaren eta ez presentzialaren arteko uztartzea.

Ekialde Hurbileko errefuxiatu palestinarrei oinarrizko zerbitzua emateko, 28.000 langile ditu agentziak. Orotara, 43 milioi euro behar ditu horien soldatak ordaintzeko. Hilabete honen amaierarako nahikoa diru biltzea lortzen ez badute, «neurri etsigarriak» hartu beharko dituztela ohartarazi du Alrifaik. Hilabete amaierarako 25 milioi euro bildu beharra dauzka agentziak orain arteko zerbitzuari eusteko. Bestela, soldataren zati bat bakarrik ordaindu beharko die langileei, eta gainerakoa funts nahikoa biltzen duenerako atzeratu.

UNRWA 1948an sortu zen. Palestinako Gaza eta Zisjordania lurraldeetan, Libanon, Jordanian eta Sirian egiten du lan. NBEko estatu kideen ekarpenen bidez finantzatzen da oso-osorik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.