Migrazioa

'Open Arms' ontziak 259 migratzaile erreskatatu ditu Mediterraneoan

Patera baten hondoratzean jaso ditu ehun lagun baino gehiago. Ezbeharrean, baina, sei pertsona hil dira, sei hilabeteko haur bat horien artean.

Gorka Berasategi Otamendi -

2020ko azaroak 12 12:32

Open Arms GKEaren ontzia Mediterraneo itsasoaren erdigunean ari da nabigatzen. 259 migratzaile ditu barruan, azken egunetako erreskate operazioetan jasotakoak. Beste lau bart eraman zituzten ontzitik Italiara, helikopteroz, ospitale batean artatuak izan zitezen. Horien artean zen sei hilabeteko haur bat, amarekin batera Italiara eraman dutena patera baten hondoratzean larri aurkitu eta ontzian suspertzea lortu ondoren. Baina ez du ospitalera bizirik iristea lortu. Harekin, sei dira Open Arms ontziak erreskatatutakoen artean hildakoak.

GKEak azaldu duenez, bazekien hondoratu zen patera noraezean zebilela asteazkenetik, eta hainbat ordutan bilatu ondoren Frontex agentziaren hegazkin batek zehaztu ziola non zegoen. Txalekoak eta maskarak banatzeko astia izan zuen, baina, orduan, patera hautsi egin zen, eta hondoratzen hasi zen. Migratzaile guztiak erori ziren uretara. Open Arms-ekoek 111 lagun jaso zituzten, baita itota hil ziren beste bosten gorpuak ere.

Ordu batzuk geroago, beste patera bat atzeman eta 64 migratzaile gehiago erreskatatu zituzten. «263 pertsona bizirik eta sei gorpu gaude Open Arms ontzian. Bizitza eta zentzurik gabeko heriotza ahaztuen itsasoan», idatzi du GKEak Twitterren.

Azken egunetan izan den bigarren hondoratzea izan zen atzokoa. Asteartean, Libiako gerratik ihesi zihoazen hamahiru lagun hil ziren, IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak jakinarazi duenez. Egun berean beste 88 migratzaile erreskatatu zituen Open Arms ontziak.

Kataluniako GKEaren ontzia azaroaren 4an irten zen Mediterraneo erdialdera, eta orain erreskate lanetan ari den ontzi bakarra da.

Kanarietakoa, biderik «hilgarriena»

Astebetean, Senegaleko 480 migratzaile baino gehiago hil dira Afrikatik Kanaria uharteetara iristeko itsasoa gurutzatu nahian, Espainiako Caminando Fronteras GKEaren datuen arabera. Ohartarazi dutenez, migrazio biderik «hilgarriena» da Kanarietakoa oraintxe bertan.

IOMk ere kezka agertu du Senegaldik Kanarietarako bidean izan diren zeharkaldi saiakeren gorakadarengatik. Irailean gutxienez hamalau ontzi irten ziren Afrika mendebaldeko herrialdetik Kanarietara, 663 pertsonarekin, IOMren esanetan. Urrian, berriz, Senegaleko 414 migratzaile hil ziren Atlantikoan itota. Ezbeharrik larriena hilaren 29an gertatu zen, ontzi bateko motorra lehertu eta 140 migratzaile hil zirenean. Sei egun beranduago, azaroaren 4an, 36 lagun hil ziren Mauritaniako kostaldearen parean.

Hori dela eta, kanpaina bat abiatu dute sare sozialetan, #DeuilNationalSN traolarekin, biharko eguna Senegalen dolu eguna izan dadin.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak abuztuan egin zuen galdeketa baten arabera, garai horretan Kanarietara iritsi ziren migratzaileen %30ek gatazketatik ihesi utzi zuten beren herrialdea, eta %32k sexu, genero, etnia edo erlijio indarkeriatik nahiz derrigortutako errekrutatze militarretik edo ezkontza behartu batetik ihesi. «Kanaria uharteetara iristen ari direnak nazioarteko babesa behar duten pertsonak dira, eta derrigorrezkoa da informaziorako sarbidea erraztea eta asilo eskaria egiteko prozeduratara bideratzea», nabarmendu du NBEren menpeko erakundeak.

AI Amnesty International eta CEARek salatu dutenez, Kanarietara iritsi diren migratzaileei ez zaie asilo eskaera egiteko informazioa erraztu, eta askotan beraien herrialdeetara deportatzeko prozesuak hasi dituzte dagokien laguntza juridikoa eskaini gabe. «Nazioarteko legediaren urraketa larria da», ohartarazi du AIk.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Portugalen iragan irailean egindako protesta batean parte hartu zuen manifestari bat. 'Klima salba dezagun' dio haren maskarak. ©Manuel de Almeida / EFE

2020a inoiz erregistraturiko hiru urterik beroenetako bat izango da

Ander Perez Zala

Pandemiak eta ‘La Niña’ fenomenoak ez dute aldatu joera, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Kalkulatu du aurtengo tenperatura 1,2 gradu beroagoa dela industria aurreko aroan baino.

Migratzaileak Arguineguineko portura iristen, Kanarietan. ©ELVIRA URQUIJO A. / EFE

Miseriatik ihes egin ezinda

Jone Bastida Alzuru

Kanarietan dauden etorkinak lekualdatzeko gune berriak prestatzen ari da Madril. Europako Batzordeko Barne komisarioa Marokon izan da, migrazioaz eztabaidatzeko
 ©BERRIA

«Itxi duten kanpalekuan gauza oso larriak gertatu dira»

Jone Bastida Alzuru

Santanak salatu du Arguineguineko gunean giza eskubideak urratu dituztela, eta adierazi du funtsezkoa zela hura desegitea: «Hartutako arriskuek marra gorri guztiak zeharkatu dituzte».

Tigraytik Sudanera gerratik ihesean joandako herritarrak, giza laguntza jasotzeko zain. ©EFE

NBEk akordioa lortu du Etiopiarekin, Tigrayra giza laguntza bidaltzeko

Gorka Berasategi Otamendi

Herrialdearen armadak kontrolpean dituen lurraldeetan sartzeko aukera izango dute hainbat erakunde humanitariok.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna