Oihana Iguaranek bertsolaritza tailer bat emango du gaur gauean sarean, ingelesez

Londresko Euskal Elkarteak antolatu du, eta ingeles hiztunei dago zuzendua.

Oihana Iguaran, aurten, Bertso Egunean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko azaroaren 12a
12:50
Entzun

Bertsolaritzari buruzko ingelesezko tailer bat emango du gaur iluntzean Oihana Iguaran bertsolariak, 20:00etan (Euskal Herriko ordua) Interneten. Londresko Euskal Elkarteak antolatu du sareko egitasmo hori, eta ordu eta erdi inguru iraungo du. Iguaranek bertsolaritzaren nondik norakoak azalduko ditu lehenik, ingelesez, eta, ondoren, hainbat bertso kantatuko ditu euskaraz, entzuleek jarritako gaiekin; bigarren parte horretan, aldibereko itzulpen zerbitzua egongo da, ingelerara. Egitasmoa ingeles hiztunentzat da, eta, parte hartzeko, mezu elektroniko bat bidali behar da eventslondonbasque@gmail.com helbidera, izena, herria eta herrialdea adierazita, eta bidaltzaileak bueltan tailerrean parte hartzeko esteka bat jasoko du.

Londresko Euskal Elkartea duela hogei urte inguru sortu zen, eta hainbat ekitaldi antolatzen ditu urtean zehar euskal kulturarekin lotuta. Datorren astean, beste ekitaldi bat antolatu du elkarte horrek, Liverpoolgo Unibertsitateko Euskal Ikasketen Taldeko Nancy Francis eta Gorka Mercerorekin: azaroaren 20an, Trans Memoriaren Nazioarteko Egunean, transexualitateaz ariko dira, eta, horretarako, lehenik, Arantza Ibarraren Mi pequeño gran samurai filma emango dute, Ekai Lersundiren bizitza jasotzen duena, eta, gero, mahai inguru bat izango da Ekairen aita Elaxar Lersundirekin eta German Urteaga bertsolariarekin. Ekitaldi horretan parte hartzeko, erregistratu egin behar da. Datorren asteko ekitaldi horretarako, hainbat herrialdetako pertsonek eman dute izena jada, batik bat AEBetatik, antolatzaileek BERRIAri jakinarazi diotenez.

Liverpoolgo Unibertsitateko Hizkuntza eta Kultura Modernoen Departamentuko Euskal Ikasketen Taldeak, iaz, bertsolaritzari buruzko beste tailer bat egin zuen Iberiar penintsulako eta Latinoamerikako astearen barruan. Tele-bertsolaritza in Liverpool izenburua zuen, eta German Urteagak eman zuen; 30 pertsona inguruk hartu zuten parte. Saioaren hasieran, What is bertsolaritza filma jarri zuten.

[YouTube]https://youtu.be/6Lk0FhAN3S8[/YouTube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.