Burujabetza

Burujabetza auziak konpontzeko kode baten oinarriak proposatu dituzte

Eusko Ikaskuntzak eta Ikerketa Katalanen Institutuak antolatutako jardunaldien amaieran aurkeztu dute; nazioarteko 70 adituk baino gehiagok taxututako txostena da, eta hura Europako instituzioetara eramatea izango da xedea.

Kodearen oinarrien aurkezpena. EUSKO IKASKUNTZA
jon olano
2020ko azaroaren 13a
13:22
Entzun

Gaur amaitu dira Eusko Ikasuntzak eta Ikerketa Katalenen Institutuak antolatutako Burujabetza gatazkak Europan: konponbiderako oinarriak jardunaldiak, Subiranotasunaren lurralde gatazkak konpontzeko jardunbide egokien kode bat prestatzeko oinarriak dokumentua aurkeztuta. 27 orrialdeko dokumentu bat da, hiru ataletan banatua: aurrenekoan zehaztu dituzte burujabetza gatazken ezaugarriak, eta, bigarrenean, Europako erakundeen esku hartzerako «dimentsio juridiko-politikoa» eta «pragmatikoa» landu. Azkenik, «burujabetza gatazken kudeaketa demokratikorako baldintzak» xehatu dituzte.

Azken atal horretan zehaztu dituzte konponbiderako printzipio batzuk. Abiapuntua zera da: sistema politiko demokratikoak oinarritu behar direla biztanleriaren adostasunean eta, beraz, horiek egokitzeko aukera izan behar dutela, «iraganeko adostasunetan» oinarritu gabe. Hori horrela, burujabetza gatazken konponbiderako prozedurak «kontrajarritako gehiengoen» existentzia aurreikusi behar du, eta bi horien arteko elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat artikulatu. Kodearen oinarrietan jasoaren arabera, gatazka horiek «soilik konpondu daitezke printzipio demokratikoan oinarrituta, eta horrek komunitateen borondate askearen adierazpena, pertsona eta talde guztien oinarrizko eskubideen errespetua, Zuzenbide Estatuarekiko errespetua eta alde guztien fede oneko negoziazioa jasotzen du».

Bestalde, egokitzat jo dute «alde biko berme sistema» bat ezartzea, konponbide prozesuan zenbait balio eta printzipio betetzen direla bermatzeko eta blokeoak saihestuko dituen mekanismoak aurreikusteko. Kodearen oinarrietan zehaztu dute konponbide prozesua, lehen instantzian, estatuei dagokiela, baina Europako erakundeek lagundu dezaketela, beren eskumenen esparruan, konponbidea «errazten».

Prozedura baten oinarriak ezarri nahi dituzte kodearen bitartez, eta, prozedura horren abiapuntuan, komunitate batek bere estatus politikoa aldatzeko nahia dago. Horregatik, kodearen oinarrietan jaso dute komunitate horrek prozesu hori abiatzeko aukera izan behar duela, «biztanleriaren sektore zabalen babesean» oinarrituta: esaterako, parlamentu bat daukaten komunitateen kasuan, ganbera horretan gehiengo batek hala adierazten badu. Beste aukera batzuk ere aurreikusi dituzte: adibidez, tokiko erakundeek borondate hori adieraztea. Edozein kasutan, komunitate horretako instituzioek galdeketa ez- lotesle bat egiteko aukera izan behar dute, herritarrek prozesua abiatzeari buruz duten iritzia ezagutzeko.

Prozeduraren nolakotasuna

Zehatzago, kodearen oinarrietan azaldu dute estatusari buruzko erabakia «prozesu deliberatzaile garden» baten markoan hartu beharra dagoela, «eztabaida publiko parekidea eta kontrastatutako informazioa» bermatuta. Horietan, beharrezkotzat jo dute tresna instituzional ordezkatzaileak —gobernua eta parlamentuak— eta demokrazia zuzenekoak —galdeketak eta erreferendumak— uztartzea. Deliberazio horren finantzazioaren berdintasuna ere bermatu beharko litzateke, testuaren arabera. Gainera, galdeketaren data eta galdera ere adostu beharra antzeman dute, galdera «argia eta ulerterraza» izan dadin, eta erabakia itzulgarria izateko beharra ere.

Ondoren, zer? Prozedurari jarraituz erabakia hartu eta gero, estatu subiranoak «herritarren gehiengoaren erabakia onartu beharko luke, eta fede onez aritu emaitzen inplementazioan». Hala egin ezean, Europako instituzioek aintzat hartu beharko dituzte aldebakarreko independentzia deklarazioak, «horien zilegitasun demokratikoa baieztatu eta gero».

Kodea jardunbide egokiei buruzkoa denez gero, oinarrian ditu nazioartean izandako beste esperientzia batzuk, kolonialismoaren testuingurutik kanpo ere. Esaterako, kodearen oinarrietan adierazi dute Quebecen eta Kanadaren arteko gatazka kudeatzeko «marko egoki bat» ezarri dela han, «konstituzioaren irakurketa ireki» batean oinarritua. Marko konstituzionalaren interpretazio irekiak ahalbidetutako estatus aldaketak ere aurreikusita daude Ipar Irlandaren eta Groenlandiaren kasuan ere.

Europaren marjinak

Txostenak aztergai du Europako instituzioek esku hartzeko izan dezaketen tartea ere, horiei zuzenduta dagoenez gero. Hori horrela, ondorioa da Europako Batasunak, Europako Kontseiluak eta Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak ez dituztela zuzenean lurralde gatazketan esku hartzeko eskumenak, baina badituztela baliabideak gatazka horien inguruan zenbait jarduera gauzatzeko: ildo edo printzipio orokor batzuk ezartzeko, esaterako.

Izan ere, dokumentuan jaso dutenez, Europako erakundeek zenbait printzipio ezarriak dituzte orain arteko hitzarmenetan; bakearen sustapena, herrien eta herritarren eskubideekiko errespetua eta dominazio eza, kasu.

Hurrengo urratsak

Zabalago, «mentalitateak aldatzea» da kodearen helburua, Zelai Nikolas Eusko Ikaskuntzako Kontseilu Errektoreko kidearen arabera. «Kodea txerto eraginkorra da demokraziaren higaduraren aurrean». Hurrengo urratsak ere zehaztu ditu: «Europako agendan sartu nahi dugu, eta eskatuko diegu eztabaida egituratu bat abiatzeko joinarrizko prozedura batzuk ezar ditzaten. Europara sendo azaldu nahi dugu, aukerak eta proposamenak eskainiz, lankidetza esparruak landuta. Baita eremu politiko eta sozialaren babesarekin ere». Orain, «sozializazio eta zabalkunde lan bat» egin nahi dute, dokumentua ezagutarazteko eta aberasteko. Abenduan itxiko da ofizialki, jardunaldietako ekarpenak jasotzeko, eta mintegiak antolatuko dituzte ondoren.

Txostenaren balioa goretsi dute jardunaldietan parte hartu duten beste aditu batzuek ere. Esaterako, Alain G. Gagnon Montrealgo Quebeceko Unibertsitateko irakasleak nabarmendu du proiektuak eremu politikoan izan behar duela eragin handiena, eta Elisenda Casañas-Adam Edinburgoko Unibertsitateko irakasleak azpimarratu du agiriak «printzipioen marko argi bat» eskaintzen duela, zenbait kontzeptu argituta: «Europako erakundeek interesa dute gatazken konponbidean, baina baita erantzukizuna ere». Harago joan da Donatella Della Porta Italiako Scuola Normale Superioreko irakaslea: «Kodea ez da bakarrik baliagarria lurralde gatazketarako, baizik eta gatazka oro demokratikoki nola bideratu aztertzeko». Jaume Lopez Kataluniako Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle eta proiektuaren koordinatzaile zientifikoak, berriz, azaldu du «tresnak» jarri nahi dituztela «burujabetza gatazkak ez daitezen enkistatu eta legalitatearekiko eta giza eskubideekiko errespetuz bideratu daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.