Migratzaileak

2.400 migratzaile bizi diren kanpaleku bat hustu du Frantziako Poliziak

Paris inguruan dago kanpalekua. Azken bost urteetan halako 65 operazio egin dituzte.

Polizia kanpalekura iritsi den unea. @PREFET93
Iosu Alberdi.
2020ko azaroaren 17a
10:11
Entzun

Ehunka migratzaile bizi diren kanpamentutik aterarazteko operazioa egin du gaur goizean Frantziako Poliziak, Paris inguruan, Stade de France futbol zelaitik gertu. Abuztutik gaur arte gora egin du han bizi den lagun andana, baina jendarmeek husteari ekin diote. France terre d'asile erakundearen arabera, 2.400 lagun inguru bizi ziren atzo arte.

Poliziak Twitter bidez adierazi du «kanpamentua ebakuatzeko» agindua: «Babespean jarriko dira denen segurtasuna eta osasuna bermatzeko, batez ere, COVID-19aren aurrean». 07:00 aldera hasi dira lekua husten, eta, jendarmeez gain, estatuko agenteek eta laguntza humanitarioa eskaintzen duten elkarteek hartu dute parte. Dozenaka autobus erabili dituzte lekua husteko, eta inguruko 26 gimnasio eta bestelako eraikinetara mugitu dituzte. Hala, goizean zehar, 70 autobus inguru atera dira eremutik. Frantziako Gobernuak gaineratu du COVID-19 probak egingo dizkietela, eta positiboak bakartu egingo dituztela.

Didier Lallement Parisko Poliziaren prefetak adierazi du halako kanpalekuak ez direla «onargarriak». Lallement bera gogor mintzatu zen duela urtebete ere, antzeko beste operazio batean: «Ez dut onartuko mota horretako instalaziorik egotea hemen edo Parisko beste toki batean». Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninek ere operazioaren aldeko hitzak izan ditu: «Nire aginduz, 2.000 lagun osasun egoera negargarrian bizi diren legez kanpoko kanpaleku bat ebakuatzen jarraitzen du polizia prefeturak».

Migratzaileak autobusetan sartzen, gaur goizean. / @PREFET93

Kanpalekuan bizi diren migratzaile gehienak gizonezkoak dira, batez ere, Afganistandik, Sudandik, Etiopiatik eta Somaliatik iritsitakoak. Asko asilo eskatzaileak dira, eta kanpaleku horretara iritsi aurretik, Paris kanpoaldeko beste batzuetatik igarotakoak. Horiek ere hustuak izan dira, banan-banan.

Izan ere, ez da Frantziako Gobernuak halako zerbait agintzen duen lehen aldia. Azken urteetan ohikoak dira halako operazioak Paris inguruan, nagusiki, hiriaren ipar-ekialdean. 2015etik, 65 kanpaleku hustu dituzte. Esaterako, otsailean Porte de la Villeten zegoen beste kanpaleku batetik 400 migratzaile inguru lekualdatu zituzten. Iazko azaroan, berriz, beste hiru operaziotan, 2.000 migratzaile bota zituzten bizi ziren kanpalekuetatik. «Immigrazio ilegalaren» aurkako operaziotzat jo zituzten.

Giza eskubideen aldeko 30 elkarte inguruk —besteak beste, Cimade-k—, «ziklo amaigabe eta suntsitzailea» salatu dute: «Duela bost urtetik, halako ebakuazioak gertatzen ari dira, behin eta berriz, nahiz eta ostatu emateko sistemaren funtzionamendua txarra izan». Haien ustez, erakunde publikoek erabaki berbera hartzen dute gaur egun ere, aurreko operazioak «eraginkorrak ez izan arren», eta gauza bakarra lortzen dute: jendea «sakabanatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.