Alderdiak

Aurrerantzean ere EAJren burua izango da Ortuzar

EBBko presidenteak baieztatu du ez dutela beste hautagaitzarik aurkeztu.

Ortuzar, joan den uztailean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 24a
16:15
Entzun

EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidente izango da aurrerantzean ere Andoni Ortuzar. Berak baieztatu du, Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean. Adierazi du ez dutela bera ordezkatzeko beste hautagaitzarik aurkeztu. Aitortu duenez, EAJren burutzan segitu ala ez, «zalantzak» eduki ditu. «Politikan onak dira ordezkoak», esan du, gaur. 2013ko urtarrilean aukeratu zuten EBBko buru, Iñigo Urkullu ordezkatuz. Beste lau urtez jarraituko du karguan. «Niretzat ohore bat eta erantzukizun bat da».

Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 2tik 18ra egon zen irekita. Ez zuten berririk erregistratu, eta alderdiaren oinarriek ontzat jo dute Ortuzarrena. Alderdiaren asmoa zen abenduaren 12rako deitua zegoen batzar nagusian egitea izendapen ofiziala, baina batzarra atzeratu behar izan dute, pandemiaren ondorioz hartutako neurriengatik. «Ahal dugunean egingo dugu», esan du Ortuzarrek.

Lurraldeetako presidentetzetan bada aldaketa bat. Izan ere, Pako Arizmendik IBB Ipar Buru Batzarreko kargua utziko du, eta Peio Etxelekuk ordezkatuko du. Jose Antonio Susok (Araba), Itxaso Atutxak (Bizkaia), Joseba Egibarrek (Gipuzkoa) eta Unai Hualdek (Nafarroa) karguan jarraituko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.