Mamen Artero Borruel

«Bilera serioak ere kanpoan egin daitezke»

Jolastokiak «heziketarako eremu» bihurtzea du helburu Arteroren taldeak. Haren esanetan, «ikasketa prozesua bizipenen bidez gauzatzen denean, orduan barneratzen da».

Mamen Artero Borruel, El Globus Vermell elkarteko kidea. BIZKAIKO HITZA
Natalia Salazar Orbe.
2020ko azaroaren 28a
08:45
Entzun

Urduñako ikastetxeko jolastokia birnaturalizatzeko proiektua garatzen ari den El Globus Vermell elkartearen sortzaileetako bat da Mamen Artero Borruel (Bartzelona, 1978). Bertako arkitektoa da. Jolastokiak Klimaren Alde programa koordinatzen du taldeak. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Espainiako Ministerioaren babesa du.

Jolastokien birnaturalizazioa aipatzean, zeri buruz ari zarete?

Aire zabalean dauden espazio publiko horietan natura sartzeari buruz ari gara. Eskoletako jolastokiak hiriko edo populazioarentzako azpiegitura berde bihur daitezkeen espazio publiko gisa ulertzen ditugu. Beharrezkoa da jolastoki horien atzean dagoen hezkuntza komunitatearen proiektu pedagogikoak proiektuarekin batera lantzea eta harekin bat egitea. Komunitate horrek hartu behar du aldaketaren ardura.

1970eko hamarkadan basa eta hareazkoak ziren jolaslekuak porlanak estali zituen. Zer ondorio izan du aldaketa horrek ikasleen garapenean eta naturarekiko zuten harremanean?

Porlanezko jolastoki horiek ez dute modua ematen gauza askotarako; bai beste batzuek, ordea. Birnaturalizatzeak ez du esan nahi erabat eraldatu behar direnik espazioak eta porlanezko eremu guztiak edo zoru gogor guztiak kendu behar direla. Birnaturalizazioak oreka aurkitu nahi du. Espazio bererako beste erabilera batzuk proposatzen ditu. Jolastokiak dituzten metro koadroak heziketarako eremu bilakatzea da asmoa. Espazio hori ez da egunean ordu erdi batez soilik erabiltzeko. Eskola orduetan eta horietatik kanpo erabiltzeko eremua da. Komunitate osoaren eta herritar guztien zerbitzura dagoen espazio publiko gisa ulertzen dugu.

Zein da helburu nagusia?

Eremu hori hiriko azpiegitura berde bilakatzea. Birnaturalizazioaren bidez baldintza batzuk sortu nahi dira, mikroklimak eta klimaren babes izango diren espazioak lortzeko. Hori guztia klima aldaketarekin eta hirietako beharrizan berriekin lotuta dago. COVID-19arekin agerian geratu da aire zabalean jarduera asko egiteko premia. Kanpo espazio hori egokitu egin behar da.

Urduñako proiektua hasi berria da. Hala ere, beste esperientzia batzuk garatuak dituzue.

Bai. Gure lan eremua Katalunia da. Bertan zazpi urte daramatzagu proiektuak garatzen. Beraz, baditugu eredu fisikoak eraikiak. Asko daude. Jolastokietako esku hartzeak oso zabalak izan daitezke, eta fasetan planteatzen ditugu. Manresako eskola batean bat egin dugu. Lehen fasean, ikastetxearen sarreran zegoen porlanezko eremu batean irla berdeak sortu ditugu. Eremua ez zen batere atsegina. Aire zabaleko lauzpabost gela sortu ditugu. Denetariko espazioak dira: agora eremua, zoladura desberdinak, berdeguneak… Jolastokiaren eremu bat besterik ez da hori.

Esperientzia eta proiektu bakoitzak behar eta berezitasun jakinak izango ditu. Hala ere, gutxiengo baldintzarik bete behar al dute zuek proiektua garatu dezazuen?

Hezkuntza komunitatearen inplikazioa behar-beharrezkoa da. Batik bat, ikastetxeko zuzendaritzarena eta klaustroarena. Izan ere, kasu batzuetan baliabide ekonomikoak izaten dituzte, baina ez da jolastokiaren ikuspegi aldaketarako asmorik egoten.

Helburua ez da jolastokia egokitzea soilik. Ikasleek curriculumean jasotako ikasketa prozesuak ere barneratzea da asmoa.

Bata ezin da ulertu bestea gabe. Klaustroak, irakasleek eta norbanakoek ulertu behar dute espazio hori. Irakasleak gidatu egiten ditugu kanpoko espazioak heziketarako eremu gisa zer-nola baliatu ikasteko prozesuetan treba daitezen. Eskolek lan handia egin dute barruan: ikasmahaiak kendu dituzte, espazio gardenagoak sortu dituzte eta metodologiak aldatu dituzte. Orain, kanpoaldeari buruz ari gara. Curriculuma kanpoaldera eramatea da asmoa. Horregatik, galdetzen dugun lehenengo gauza zera da: zer behar duzu eskolak kanpoan emateko? Guk klaustroarekin eta irakasleekin egiten ditugun bilerak kanpoaldean egiten ditugu. Bilera serioenak ere kanpoan egin daitezke.

Zer ekarpen egiten du kanpoko espazio horrek?

Bizi egin behar da. Hotza, beroa, eguzkia… Kanpo espazioa norbere azalean esperimentatzea da. Ikasketa prozesua modu esperimentalean eta bizipenen bidez gauzatzen denean, orduan barneratzen da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.