Etiopia

Etiopiako armadak Tigrayko hiriburua hartu du, Abiyren esanetan

Herrialdeko lehen ministroak azaldu duenez, Mekelle hiria «guztiz kontrolpean» du gobernu federalak.

Etioiako armadako soldaduak, ariketa militar bat egiten, Addis Abeban. STR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 28a
19:06
Entzun

Trigrayko hiriburua hartzeko «azken erasoaldia» iragarria zuen Etiopiako Gobernuak, TPLF Tigrayko Herria Askatzeko Fronteari errenditzeko 72 orduko ultimatuma eman eta hark amore emateari uko egin ostean.

Etiopia iparraldeko eskualdea ia erabat inkomunikatuta dago, eta informazio gutxi dago bertako egoerari buruz, baina hainbat iturrik aipatu dute «artilleria pisutsuarekin» egin diola eraso armadak TPLFri Mekellen. Hala adierazi dio Debretsion Gebremichael TPLFko indarren buruak Reuters albiste agentziari. Azaldu duenez, «bonbardaketa bortitza» hasi du armadak hirian. Tigrayko taldeak erasoa gaitzesteko eskatu dio nazioarteari. Milioi erdi herritar bizi dira eskualdeko hiriburuan.

Abiy Ahmed lehen ministroak Twitterren argitaratu duen mezu batean adierazi du Mekelle armadaren esku dagoela, eta garaipen militarrak erasoaldiaren «azken fasearen amaiera» ekarri duela. Gaineratu du TPLFk preso zituen milaka soldadu askatu dituela armadak eta aireportuaren gaineko kontrola hartu dutela. Operazioa «behar den ardurarekin» egin da, Abiyren esanetan, «zibilak babesteko».

Hain justu, zibilek erasoaldi batean izan zezaketen arriskuaz ohartarazi dute nazioarteko hainbat eragilek, Addis Abebak Mekelle hartzeko iragarritako operazioa ikusirik. Gobernu federalak TPLFko indarrengandik aldentzeko eta beren etxeetan gordetzeko eskatu die Tigrayko herritarrei, baina ez dago argi herritarrek mezu hori jaso ote duten, eskualdean komunikazio bide ia guztiak etenda daudela kontuan hartuta.

Gerra azaroaren 4an hasi zen, eta ordutik ehunka hildako izan direla uste da. Beren etxeetatik ihes egin behar izan dutenak, berriz, hamarnaka milaka dira. 42.000 iheslari baino gehiago joan dira Tigraytik Sudanera.

Nazio Batuen Erakundeak eta nazioarteko beste hainbat eragilek elkarrizketarako deia egin diete aldeei, Tigrayko liskarrek eskualdeko egonkortasuna kolokan jar dezaketela ohartarazita. Afrikako Batasunak ordezkaritza bat bidali du Etiopiara elkarrizketa sustatzeko. Abiy atzo bildu zen haiekin, eta Tigray kontrolpean hartzeko «erantzukizuna» duela justifikatu zuen. Lehen ministroak ez zuen baimendu ordezkaritza TPLFko kideekin biltzea eta bitartekari lanak egitea. Hasieratik adierazi du ez duela Tigrayko «talde kriminalarekin» negoziatuko, «operazioa amaitu arte».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.