ESPAINIAKO AURREKONTUAK

EH Bilduk eta ERC Esquerra Republicanak «jendearentzako ezker erabilgarria» izan nahi dute

Otegiren esanetan, bi indarrek aurrekontuak babestuko dituzte, «herritarren bizi baldintzak hobetzeko» eta Euskal Herriaren eta Kataluniaren «askatasuna lortzeko»

Arnaldo Otegi lehengo astean. EH BILDU
Igor Susaeta.
2020ko azaroaren 30a
14:20
Entzun

EH Bilduk eta  ERC Esquerra Republicanak  erabaki dute asteon onartzekoak diren Espainiako Gobernuaren aurrekontuak babestea. Bi indar politiko independentistek akordio bat dute Espainiako Gorteetan modu koordinatuan elkarlanean aritzeko, eta, horregatik, aurrekontuei emango dieten baietzaren arrazoiak azaltzeko, agerraldi telematiko bateratua egin dute Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak eta Marta Vilalta ERCren idazkari nagusiaren ondokoak. Otegiren esanetan, «jendearentzako ezker erabilgarria» izan nahi dute biek. «Bai jendearen eskubideak berreskuratzeko eta herritarren bizi baldintzak hobetzeko, bai gure herrien askatasuna lortzeko».

Koalizio independentistaren koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, aurrekontuei buruzko eztabaida «testuinguru konplexu batean» izan da, eta bi arrazoirengatik bozkatuko dute PSOEk eta UP Unidas Podemosek osatutako koalizio gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuaren alde. «Osasun pandemia baten erdian gaude, eta horrek ondorio ekonomikoak eta sozialak ditu. Betikoek etengabe ordaintzen dituzte ondorio horiek, eta ezin dugu hori baimendu». Hori batetik. Otegiren hitzetan, «klase herrikoiek, apalek» ordaintzen dituzte ondorioak. Iruditzen zaio, gainera, «ziurtasunik gabeko» garai bat dela oraingoa, eta jendeak «ziurtasunak» behar dituela.

Eta, bestetik, pentsatzen du aurrekontuen eztabaida «estatu krisi baten erdian» izan dela, eta eskuin muturraren eskutik badagoela atzera «autoritarismora» bueltatzeko «benetako arriskua». Otegirentzat, eskuin muturraren agendari «galga jarri behar zaio».

Nabarmendu du, gainera, EH Bilduk eta Esquerrak Espainiako Kongresuan dituzten 18 diputatuak —13 ERCk eta bost EH Bilduk— eta hamahiru senatariak —11 ERCK eta bi EH Bilduk— «erabakigarriak» direla, eta bi indar politikoek «amankomunean» lan egiten jarraituko dutela. Otegik azken asteotan adierazi du aurrekontuek «aukera leiho bat» irekitzen dutela, eta gaur ideia horri heldu dio, baina zehaztu du ez dutela «gehiegizko irmotasunez» ikusten leiho horrek zabalduta jarraituko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.