Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Espainiako Gorteetan elkarlanean aritzeko akordioa sinatu dute EH Bilduk eta ERCk

Genevan sinatu dute hitzarmena, bertan erbesteratua baitago Marta Rovira ERCko idazkari nagusia. HItzarmena martxoaren 25ean egin zuten publiko.

jarraia165404.jpg
2019ko apirilaren 19a
16:47
Entzun

Suitzaraino joan behar izan du EH Bilduko ordezkaritzak Esquerra Republicana de Catalunyarekiko akordioa sinatzera. Izan ere, alderdiko burua, Oriol Junqueras espetxean egonik, alderdiko bigarrena, Marta Rovira bizi den hirira joan dira, Genevara.

ERCko idazkari nagusiarekin bildu dira Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, eta Espainiako Kongresu eta Senaturako hautagaiak, Bel Pozueta, Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta. ERCren izenean, berriz, Rovira bera, Marta Vilalta bozeramailea eta Joan Tarda orain arte Kongresuko diputatu lanetan aritu dena. 

Hitzarmena sinatzera Genevaraino joan behar izateak frogatzen du "salbuespen egoera" dela honakoa. Hala adierazi du Otegik eta ohartarazi du "autoritarismoa zabaltzen" ari dela, ez bakarrik Europan, baita Espainian ere.  "Guk uste dugu benetan balio duten taulak biderkatzekoak eta gehitzekoak direla, eta ez zatiketenak. Horregatik gai izan gara beharrezko konplizitatea sortzeko, bidean elkarrekin aurrera egiteko". 

Hitzarmena bera martxoaren 25ean egin zuten publiko, bi alderdietako ordezkariek Bilbon egindako agerraldian. Haren arabera, bi indarrak elkarlanean arituko dira Espainiako Gorteetan, haien eragina "biderkatzeko" helburuarekin.

Haien helburu nagusiak dira Euskal Herria eta Kataluniarentzako autodeterminazio eskubidea onartuaraztea, preso politikoak askatzea eta desberdintasunak amaitu eta botere ekonomikoaren indarrari galga jarriko dion aldakea bultzatzea. 

Europako bozei dagokionez ere, elkarlanaren hautua egin du EH Bilduk, baina kasu horretan alderdi gehiagorekin. ERCz gain, BNGk ere bat egin du harekin Orain Errepublikak izenarekin. Oriol Junqueras da hautagaitza horretako zerrendaburu eta Pernando Barrena bigarren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.