Eutanasia

Eutanasia Legeak pauso bat eman du Espainiako Kongresuan

Justizia Batzordean onartu dute lege proposamena, 36tik 22 boto eskuratuta.

Espainiako Kongresuan milioi bat sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten iazko maiatzean eutanasia legeztatzearen alde. EMILIO NARANJO / EFE
jon olano
2020ko abenduaren 10a
18:11
Entzun

Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeak onartu egin du Eutanasia Arautzeko Lege Organikoaren proposamena, 36 kideetatik 22k aldeko botoa emanda. PSOEk proposatu du araua, eta PPk eta Voxek eman dute haren aurkako botoa. Hurrengo pausoa osoko bilkuran onartzea da, eta litekeena da urrats hori urtea amaitu baino lehen egitea. Senatuaren onespena beharko luke gero.

Eztabaidan, alderdi politiko gehienek beharrezkotzat edo ontzat jo dute araua. Legegaiaren arabera, gaixotasun larri eta sendaezinen bat edo pairamen larri, kroniko eta ezintasunen bat eragiteko modukoa duten pertsonei eman ahalko zaie eutanasia, osasun zentroetan nahiz etxebizitzan. Hiltzeko erabakiak autonomoa eta informatua izan beharko du, kanpoko presiorik gabe, eta gutxienez bi aldiz eskatu beharko du pazienteak, gutxienez hamabost eguneko tartearekin. Publikoki finantzatuko da, eta osasun langileek kontzientzia eragozpena azaltzeko aukera izango dute.

Maria Luis Carcedo PSOEko diputatuak PPren eta Voxen jarrera txarretsi du, "demagogia merkea" egiten dutelakoan: "Espero dut, bihotzez, ez zuek eta ezta zuen gertukoek ere lege hau ez erabili behar izatea". Rosa Maria Medel Unidas Podemoseko diputatuak nabarmendu du ez dela inor "behartzen" eutanasia hartzera, eta "heriotza duinerako eskubidea" bermatu nahi dutela. EAJko diputatu Joseba Agirretxeak, berriz, beharrezko jo du "uste propioez haragoko" legeak egitea: "Guztientzako legeria bat behar da".

IƱaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko diputatua pozik agertu zen, hogei urtean hamazazpi saio egin direlako legea aurrera ateratzeko eta, itxuraz, oraingoan onartu egingo delako: "Aurrerapauso garrantzitsua da. Espero dugu etorkizunean zuzentzea egungo mugak eta hobetu beharreko gaiak".

PPk eta Voxek Espainiako Gobernuari egotzi diote legea "azpikeriaz" onartu nahi izatea. Jose Ignacio Echaniz PPko diputatuaren arabera, "zaintza aringarri onekin, eutanasia bezerorik gabe geratzen da; aldiz, zaintza aringarri onik gabe, sufritzen ari dena eutanasiara bultzatzen da". Lourdes Mendez Voxeko diputatuak, berriz, "kriminaltzat" deskribatu du lege egitasmoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.