'BATERAGUNE AUZIA'

Berriro epaituko dituzte Bateraguneko bortzak

Espainiako Auzitegi Goreneko epaileek aho batez erabaki dute auzia berriro egitea. Espainiako Auzitegi Nazionalean egingo da epaiketa, hutsetik hasita.

Iñigo Iruin abokatua, aitzinean, eta Arnaldo Otegi, Miren Zabaleta eta Rafa Diez auzipetuak, gibelean, joan den abuztuan,Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abenduaren 14a
12:07
Entzun

Bateragune auziaberriro egin ala ez erabaki behar zuen gaur Espainiako Auzitegi Gorenak, eta auzia berriz egitea erabaki dute auzitegiko bigarren salako epaile guztiek, aho batez.

Auzitegi Goreneko presidente Manuel Marchenak hala erabakita, hamasei magistratuk hartu dute parte Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguezen aurkako epaiketa berriz egin ala ez erabakitzeko eztabaidan: alegia, Auzitegi Goreneko bigarren salako epaile guztiek —zigor zuzenbideari buruzko sala da—. Epaile talde osoak parte hartzeak garrantzi berezia ematen dio erabakiari, eta, aitzineko halako kasu batzuetan gertatu izan den gisan, baliteke Auzitegi Gorenak erabakiaren bitartez doktrina bat ezarri nahi izatea.

Auzitegi Goreneko epaile taldeak men egin dio, beraz, Goreneko fiskalaren eskaerari. Kontraesanak daude fiskaltzaren irizpideetan. Izan ere, Estrasburgoren 2018ko sententzia Espainian betearazteko egindako berrikuspen helegitea tramitatzerakoan, Illana Navia Osorio fiskalak ez zuen auzia berriz egiteko eskatu: zigorrak bertan behera uztea baino ez zuen galdegin. Joan den azaroan, ordea, Marchena Goreneko presidenteak irailean irekitako probidentzia bati erantzunez, auzia berriz egin zedila eskatu zuen.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalaren irizpideekin ere ez dator bat. Hain zuzen, AVT-Verde Esperanza biktimen elkarteak egindako eskaerari erantzunez, Auzitegi Nazionalak ez zuen onartu epaiketa berriz egitea, urrian emandako ebazpen batean: auzitegiak argudiatu zuen, bertzeak bertze, epaiketa berriz egiteak ez lukeela lege babesik —Espainiako Prozedura Kriminaleko Legeak ez du halakorik aurreikusten— eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dioela «pertsona interesdunek» eskatuta soilik egin daitekeela auzia berriro. Alegia: Otegik, Diezek, Jacintok, Rodriguezek eta Zabaletak hala eskatuta egin daitekeela; ez bertzela. Eta auzipetuek ez zuten halakorik galdegin.

Europako hitzarmena oinarri

Goreneko iturriek jakinarazi dutenez, Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko zazpigarren protokoloko 4.2 artikulua oinarri hartuta erabaki dute auzia berriz egitea; auzitegiaren hitzetan, epaiketa bat berriz egitearen debekua salbuesten baitu artikulu horrek, Bateragune auzikoa bezalako kasuetan. Gorenaren arabera, bigarren salaren jurisprudentzian ere oinarritu dira magistratuak. Miguel Colmenero txostengileak idatzitako sententziak bat eginen luke, era berean, Navia Osorio fiskalaren irizpidearekin, zeinaren arabera eragotzi behar den egitate batzuk epaitu gabe gelditzea. Jakinarazi dutenez, ebazpen osoa datozen egunetan jakainaraziko dute.

Aurrekaria da

Estrasburgoren sententziak Espainian betearazteko irizpidearen aurka egiten du fiskalaren eskaerak, eta, beraz, baita Goreneko epaileen erabakiak ere. 2015ean Botere Judizialaren Lege Organikoan egindako moldaketa batean argitu zuten nola betearazi behar ziren Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaiak Espainian: berrikuspen helegite baten bidez. 2020ko uztaileko sententzia halako helegite bati erantzunez iritsi zen, hain zuzen; eta Gorenaren 2012ko epaia baliogabetzea ebatzi zuen, ez bertzerik. Lehen aldia da, beraz, halako zerbait egiten dutena: 2015etik honako Estrasburgoren sententzien aplikazioetan ez da halakorik gertatu, orain arte —ez Euskal Herriko gaiei dagokienez, ez bertzelakoetan—. Aurrekaria izan daiteke, beraz, eta, gainera, pisua ematen dio erabakia Goreneko epaile guztiek hartu izanak.

Era berean, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak epaiketa berriro egitearen aurka eman zituen argudioetan erran bezala, Espainiako legediak ez du aurreikusten epaiketa bat berriro egiteko aukerarik, berez. Estrasburgok hala eskatuta Valladolideko Probintzia Auzitegiak emandako epai baten baliogabetzean hala ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak berak, 2017an, auzia berriro egiteari buruz: «Aukera hori ez dago aurreikusita ordenamendu prozesalean, eta, gainera, egitate berengatik bi aldiz epaitua ez izatearen eskubidea urratuko luke». Bertzeak bertze Manuel Marchena epaileak izenpetu zuen sententzia hori; Bateragune auzia berriro egiteko fiskalaren eskaera aintzat hartu duen epaile berak, hain justu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.