aurrekontuak

Aurrekontuetan «Madrilgo eta Iruñeko jarrera bera» izateko eskatu die EAJk EH Bildu eta Ahal Dugu-ri

Jaurlaritzako gobernu kontseiluak bihar onartuko du aurrekontu proiektua.

Pedro Azpiazu Ekonomi eta Ogasun sailburua eta Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailea, iazko azaroan. JUANAN RUIZ / FOKU
jon olano
2020ko abenduaren 14a
17:35
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegorako 2021eko aurrekontuek bihar emango dute lehen pausoa, gobernu kontseiluak biharko bileran onartuko baitu lege proiektua. Jaurlaritzak ziurtatuta dauka kontuen onespena, EAJk eta PSE-EEk gehiengo osoa baitute Eusko Legebiltzarrean, baina ikusteko dago gobernuak zenbateraino aldatzen duen lege proiektua talde parlamentarioen zuzenketak jasotzeko eta, horrela, aurrekontuek zenbaterainoko babesa izango duten parlamentuan.

Jaurlaritzako iturrien arabera, COVID-19aren izurriak baldintzatutako aurrekontuak izango dira, pandemiak eragindako egoera ekonomikoa suspertzekoak. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak emango ditu xehetasunak bihar, gobernu kontseilu osteko agerraldian. Gobernuaren aurreikuspena da EAEko ekonomia %10,1 uzkurtzea aurten eta %8,9 haztea datorren urtean. Hori horrela, dirua biltzeko aurreikuspenak 13.411,6 milioikoak dira aurten; 2019ean baino 2.058 milioi (%13,3) gutxiago.

Datorren urteari begira, espero dute 14.250 milioi euro biltzea; 2020rako aurreikusitakoa baino %6,3 gehiago. Erkidegoak %2,2ko defizita onartua du datorren urterako, eta %16,9ko zorpetze muga. Hori horrela, Jaurlaritzak dio «murrizketarik gabeko» aurrekontuak aurkeztuko dituela, «austeritatetik urrun».

Biharko tramitearen ondoren, proiektua ostegunean erregistratuko dute Eusko Legebiltzarrean, eta hilaren 21etik 23ra bitartean sailburuek agerraldiak egingo dituzte parlamentuan, beren arloko diru sailak azaltzeko. Ogasun sailburuaren asmoa da talde politikoekin biltzea urtarrilaren 11ko astean, akordiorako aukerarik baden aztertzeko. Osoko zuzenketa eztabaidatzeko bilkura urtarrilaren 29rako aurreikusita dago, eta otsailaren 11n onartuko lirateke aurrekontuak.

Zenbaterainoko babesa

Kontuak aurrera aterako direla ziurra da, baina EAJk babesa zabaldu nahi du, eta, testuinguru horretan, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak EH Bilduri eta Elkarrekin Podemos-IUri eskatu die izan dezatela «Madrilen eta Iruñean» izandako jarrera bera —bi indarren babesarekin onartu dituzte Nafarroako eta Espainiako aurrekontuak—. Euskadi Irratian, Atutxak dei egin die egoerari «elkarrekin» erantzutera: «Egoera oso gogorra da, eta oposizio denak oso ondo daki zein diren diruak eta zein beharrak. Oso ondo lehenetsi dira horiek. Denok bat egiteko garaia da eta seguru nago, alde horretatik, Gobernuak eskuzabaltasunez jokatuko duela».

Norabide berean mintzatu da Idoia Mendia Jaurlaritzako lehendakariorde eta PSE-EEko idazkari nagusia ere, eta oposizioko indarrei eskatu die proiektua babesteko: «Nik Ahal Dugu-ri eskertuko nioke ez dadila katramilatu PSE-EEri oposizioa egiten, aurreko legealdian bezala. Nik ez diot oposizioari oposizioa egingo. Badakite gobernuarekin ados jartzeko eskua luzatuta dutela». Mendiak uste du «nahikoa konexio puntu» badaudela ados jartzeko.

Pilar Garrido Ahal Dugu-ko Euskal Autonomia Erkidegoko koordinatzaile nagusiak, ordea, nabarmendu du bere alderdiak lanean jarraituko duela «eredu sozioekonomiko berri bat marrazten duen proiektuan aldaketa garrantzitsuak sartzeko», eta erantsi du aurrekontuak «etorkizun errepublikanorantz aurrera egiteko aukera ezin hobea» direla.

Jaurlaritzak datorren urtean izango duen ahalmen ekonomian eragingo dute Europako funtsek ere, eta horren inguruan hitz egin du EH Bilduk. Indar subiranistak hala eskatuta, Legebiltzarrak Europako funtsei buruzko osoko bilkura monografikoa egingo du etzi eta, Mikel Oteroren iritziz, eztabaida horrek «gobernantza marko argi bat» definitzea ahalbidetuko du. Oterok gogora ekarri duenez, Jaurlaritzak hilaren 29an onartuko du Europako funtsekin finantzatu nahi dituen proiektuen zerrenda: «Garaiz gaude inbertsio horiek maila instituzional guztietara iritsiko direla bermatzeko eta europar guztien ahalegin publiko mankomunatu horrek guztion onerako onurak ekarriko dituela bermatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.